Kazetaritza Matxistaren Behatokia eratu dute hedabideen jokabide sexistak bistaratzeko
Proiektua sortu da UPV/EHUko Bitartez ikertaldearen eta Pikara Magazineko Emakume Kazetarien Elkartearen elkarlanetik
Kazetaritza Matxistaren Behatokia eratu dute komunikabideen jokabide sexistak agerian jartzeko helburuarekin. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bitartez ikertaldearen eta 'Pikara Magazine' aldizkariari lotutako Emakume Kazetarien Elkartearen elkarlanetik sortu da ekimena.
Sustatzaileek ostegun honetan aurkeztu dute proiektua Bilbon. periodismomachista.com webgunea du oinarri, zeinaren eginkizuna baita hedabideen jardunean izaten diren sexismo kasuak bistaratzea eta matxismo motaren arabera kategorizatzea, emakume nahiz gizon profesionalek beren egunerokoan ekidin ditzaten.
"Kazetaritza matxista kazetaritza txarra da. Kalitate kontua da, ortografia akats bat edo ehuneko batean huts egitea izan daitekeen bezala. Ez dago kazetaritza matxista onik", adierazi du Angeriñe Elorriaga EHUko Bitartez taldeko ikertzaileak.
Hain zuzen, Angeriñe Elorriaga da kazetaritza Matxistaren Behatokiaren egitasmoaren zuzendaria, Bitartez taldean ikertzailea den Iker Merchanekin batera.
Azaldu duenez, kontua ez da albistea eragin duen gertaera matxista gisa seinalatzea, baizik eta kazetariak haren berri emateko modua matxista izan dela salatzea. Horrela, albiste sexista bakoitzean esaten da zergatik den matxista eta hedabideak erreakzionatu duen ala ez (informazioa editatuz, ezabatuz edo azalduz), eta hobetzeko proposamen bat egiten da.
Unibertsitatea-Enpresa-Gizartea deialdiaren barruan dagoen egitasmoak bultzada eman nahi die kalitatezko ikerketari eta ezagutzaren transferentziari, eta EHUko Bitartez ikertaldearen eta 'Pikara Magazine' aldizkariari loturiko Emakume Kazetaren Elkartearen arteko elkarlanaren emaitza da.
Maria Angeles Fernandez 'Pikara Magazine'-ko koordinazio taldeko kideak proiektuaren balioa nabarmendu du: "Kazetaritza ona egitea da zalantzan jartzea ziurtzat jotzen den guztia. Beraz, lanbidean matxismo kasuak seinalatzeak berekin dakar istorioak hobeto kontatzea".
Temas
Más en Actualidad
-
Salud afirma que los contactos con el SME "son continuos" con el "empeño" de "llegar a un acuerdo"
-
Salud afirma que se actuó "con celeridad" en el nuevo error de las vacunas y "no ha habido daño ni riesgo"
-
Representantes de Chile visitan las instalaciones de la Ertzaintza y la Academia de Policía Vasca
-
Euskadi evitará que 36.000 toneladas anuales de residuos acaben en vertederos