Kontsumo arloko erreklamazioak %2,8 gehitu eta kontsultak %4,7 jaitsi dira 2023an EAEn
, 27.837 erreklamazio eta 42.856 kontsulta jaso dira 2023an EAEko kontsumo bulegoetan
Kontsumobide Kontsumoko Euskal Erakundeak 2023. urteko txostenaren datuak ezagutarazi ditu eta, besteak beste, nabarmendu du kontsumo arloko erreklamazioak %2,8 gehitu eta kontsulta %4,7 jaitsi direla aurrekpo urtean izandakoen aldean.
Orotara, 27.837 erreklamazio eta 42.856 kontsulta jaso dira 2023an EAEko kontsumo bulegoetan, hala nola Kontsumobiden bertan, kontsumitzaileen informaziorako udal bulegoetan eta kontsumitzaileen elkarteetan.
Kontsumobidetik jakinarazi dutenez, telekomunikazioen eta telefonia zerbitzuen sektorea da berriz ere erreklamazio gehien izan dituena, guztizkoaren %17,27 bilduz (4.808); halere, jaitsiera oso esanguratsua da 2022koaren aldean (6.383 erreklamazio), orduan guztizkoaren %22 izan baitzen. Ondoren, hornidura zerbitzuak (energia, ura eta abar) eta banku zerbitzuak daude, erreklamazioak %65 gehitu ondoren.
Zehapen prozedurei dagokienez, guztira 1.023 espediente ebatzi dira 2023an, eta horien baturak 1,19 milioi euro ekarri ditu zehapenetan. Berritasun nagusi gisa, aurten zehapen larrien argitalpena ezarri da, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2023 Lege berriak ezarritakoaren arabera.
Hain zuzen, araudi berriaren arabera, Kontsumobide gaituta dago zehapen garrantzitsuenak argitaratzeko. Memorian eta web orriaren bidez argitaratzen dira estatutua onartu ondoren ezarritako zehapenak, irmoak badira, eta aurrerantzean urtero argitaratuko dira.
Legeak aurreikusten duenez
Legeak aurreikusten duenez, enpresek azken hiru urteetan egindako arau hausteak argitaratu ahalko dira, baita arau haustearen tipologia, haien erantzuleen izenak edo izen soziala, eta ezarritako zehapenaren zenbatekoa ere, adibide eta disuasio neurri izan dadin enpresentzat. Gainera, aurkeztutako erreklamazioak argitaratu ahal izango ditu Kontsumobidek, kontsumitzaileen osasun, segurtasun edo interes arrazoiengatik gomendagarria denean.
Kontsumobideren memoriak jasotzen duen beste alderdi bat kontsumoko arbitraje sistemara atxikitzea da. Guztira, EAEko 700 enpresa eta saltoki berri atxiki zaizkio euskal arbitraje sistemari 2023an, Kontsumobidek urtero egiten duen erakartze eta atxikitze kanpainaren ondorioz. Orotara, 17.159 enpresa atxiki dira jada Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Sistemara.
Temas
Más en Actualidad
-
Salud afirma que los contactos con el SME "son continuos" con el "empeño" de "llegar a un acuerdo"
-
Salud afirma que se actuó "con celeridad" en el nuevo error de las vacunas y "no ha habido daño ni riesgo"
-
Representantes de Chile visitan las instalaciones de la Ertzaintza y la Academia de Policía Vasca
-
Euskadi evitará que 36.000 toneladas anuales de residuos acaben en vertederos