Laburbira euskaraz ekoitzitako film laburren zirkuituak zortzi lanez osatutako bilduma eskainiko du bere 21. edizioan. Jada zabaldu dute emanaldi bat antolatzeko eskari epea elkarte eta udalentzat, eta Laburbiraren webgunean egin daiteke, Euskaltzaleen Topagunetik jakitera eman dutenez.
Ekimenak bi helburu nagusi ditu: euskal zinemagintza hauspotzea batetik, zinemagileei euren lanak erakusteko aukera emanez, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, bestetik.
"20 urtetan bide arrakastatsua egin du LABURBIRAK: euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala bihurtu da, eta zirkuito egonkor eta zabal bat eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du", nabarmendu dute.
Bada, aurtengo ediziora 22 lan aurkeztu dira eta horietarik zortzi film hautatu dira herriz herri ikusi ahal daitezen. Orotara, 87 minutuko film labur sorta osatu da ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz. Denetariko lanak aurkitu daitezke bertan, eduki zein estiloz, horietako asko jada zenbait zine jaialditan saritutako lanak.
Aurtengo edizioan ikusgai izango diren film laburrak dira 'Dena asmatuta dago' (Jone Arriola), 'Katalinaren zoria' (Guillermo Ordas), 'Erro' (Amaia Lejarreta), 'Babesa' (Ander Iruretagoyena), 'Mundu berri bat' (Mikel Alvarez), 'Zirrara' (Ane Cuesta), 'Talkak' (Ilune Diaz eta Jordi Nuet) eta 'Betizu buru' (Ander Iriarte). Laburbiraren aurtengo edizioak Durangoko Zugaza zinema aretoan apirilaren 11n egingo den aurrestreinaldiarekin hasiko du bere ibilbidea.
Laburbira edozein herritan antolatu daiteke, eta elkarte zein udalen izen-ematea zabalik dago webgunean martxoaren amaiera arte. Bertan aukeratu dezakete antolatzaileek apirilaren 12tik maiatzaren 12ra bitartean zein egunetan eta non antolatu nahi duten emanaldia. Horrez gain, sortzaile eta ikusleen arteko harremana erraztu eta sendotu asmoz, zuzendariekin solasaldiak antolatzeko aukera ere badago proiekzioaren barruan.