Euskal Herriko periferiako zortzi ikastola omenduko dituzte datorren igandean, martxoaren 10ean, Beskoitzen (Lapurdi), 'Ikastolak Herriari' egitasmoaren baitan ospatuko den 'Non eta mugan' ekitaldiarekin. Omenaldia biribiltzeko, egun osoko egitaraua prestatu dute ikastolen jaiek, jolas, pailazo, bazkari eta 'Bizkarsoro' filmaren emanaldiarekin, besteak beste.

Ikastolen Elkartetik adierazi dutenez, Euskal Herrian badira periferiatik euskara lantzen duten eragile ugari, eta horietako bat ikastolen mugimendua da. Ikastolek historian zehar toki guztietan izan dute misio bera dute periferiako ikastolek ere, hau da, jendartea euskalduntzeaz gain, euskalduntasun horren bitartez euskal kultura indartzea, "hori baita euskal identitatea garatzeko bide sendoena".

"Ez da erraza izan ikastola hauek pairatzen duten egoera soziopolitikoari aurre egitea, eta oraindik ere zaila izaten jarraitzen du. Aurrera egiteko dedikazio eta militantzia handia behar izaten dute. Horregatik beharrezkoa da Euskal Herriaren periferian euskararen alde lan egin duten eragileei aitortza egitea", nabarmendu dute.

Honako hauek dira Euskal Herriaren periferian koka daitezkeen eta, beraz, Beskoitzeko ekimenean ordezkatuta egongo diren zortzi ikastolak: Beskoitzeko Ikastola, Sohütako Eperra Ikastola, Zangozako Ikastola, Lodosako Ibaialde Ikastola, Tuterako Argia Ikastola, Vianako Erentzun Ikastola, Oiongo San Bizente Ikastola eta Balmasedako Zubi Zaharra Ikastola.

Aitortza ekitaldia 10:00etan abiatuko da, harrerarekin. Gosaldu ondoren hasiko da omenaldia, 11:00etan, eta ondoren haurren jolasak, puzgarriak eta Pontx pailazoaren emanaldia izango dira. Bazkaria 14:00etan hasiko da, eta 17:00etan 'Bizkarsoro' fima emango dute. Ekitaldiaren itxiera 18:30ean izango da.