Síguenos en redes sociales:

Teknologia kuantikoa aplikazio medikoetarako

Europako Batzordeak Jorge Casanova buru duen ikerketa-taldea Quench unibertsitateen arteko 2.556.000 euroko proiektuan parte hartzeko hautatu du

Teknologia kuantikoa aplikazio medikoetarakoUtzitakoa

Jorge Casanova buru duen UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Teknologia Kuantikoen ikertaldea aukeratu du Europako Batzordeak, QUENCH unibertsitate arteko proiektuaren parte izateko (Quantum-Enhanced Benchtop Nuclear Magnetic Resonance Spectrometer), Research and Innovation Programme (RIA) programa europar entzutetsuaren bidez. Proiektuaren aurrekontu osoa 2.556.000 eurokoa da.

«QUENCHeko lantaldeak sentsore kuantikoak diseinatu nahi ditu diamanteetan; hau da, mikro-eskalan jarduteko eta eremu magnetiko oso txikiak zehaztasun handiz detektatzeko gai diren gailuak diseinatu nahi ditu, laginaren erresonantzia magnetiko nuklearraren (RMN) seinalea indartzeko. Sentsore kuantiko horien diseinuak aukera emango du RMN espektroskopia tresna konpaktuago eta ekonomikoago batekin egiteko, iman supereroale garestiak eta handiak erabili beharrik gabe», azaldu du Jorge Casanovak, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoko sailekoak.

Teknologia kuantikoek eskaintzen dituzten aukerak RMN espektroskopiaren sentikortasuna eta bereizmena hobetzeko aprobetxatzean datza. RMN espektroskopia asko erabiltzen da molekulen analisi estrukturala egiteko, hala nola kimikan, biologian, medikuntzan eta natura zientzietan. Gainera, zientziak gaur egun dituen detekzio tekniken artetik, erabilera gehien dituena da. Adibidez, RMN espektroskopiaren bidez osasunerako arriskutsuak izan daitezkeen kimikoak aztertu daitezke, aireportuetan lehergailuak detektatu daitezke edo gaixotasunen detekzio goiztiarra egin daiteke.

Funtsean, mahaiko RMN espektrometroen sentikortasuna nabarmen hobetzea da QUENCH proiektuaren helburua, hainbat magnitude-ordenaren bidez, detekzio kuantikoarekin konbinatuta. Aurrerapen bat da RMN espektrokopiari aplikatutako teknologia kuantikoen ikerketan eta garapenean. Era berean, zientziaren eta medikuntzaren arloko aurrerapenak sustatu nahi ditu proiektuak.

Honako erakundeetako adituek osatzen dute QUENCHen lantaldea: Municheko Unibertsitate Teknikoa (TUM), Alemanian; UPV/EHU; TECNALIA Research & Innovation; Technion Israelgo Teknologia Institutua, Israelen; Fraunhofer-Gesellschaft, Alemanian; Magritek Ltd enpresa, Alemanian; eta AMIRES enpresa, Txekiar Errepublikan. Fisika kuantikoari, RMN espektrokopiari, diamanteetako nanoteknologiari, seinaleen prozesaketari eta ikaskuntza automatikoari buruzko trebetasun eta ezagutza osagarriak dituzte taldekideek.