Vitoria-Gasteizko Udalak Abastos plazako Sukalde Gelan ‘Tokiko merkataritzaren 1. Dastaketa’ antolatu du gaur. Ekintza berritzaile horren helburua da gertuko saltokietan erosteak dituen abantaila guztiei (zuzenekoei eta zeharkakoei) balioa ematea eta horiek guztiak bistaratzea.

Dastaketan izan da Maria Nanclares, Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzia, eta hiriko 5 saltokik hartu dute parte. Saltoki horiek, beren 5 proiekturen bidez, erosketako 5 esperientzia ezberdin eta paregabe bistaratu dituzte establezimendu horietan egiten den edozein erosketak bezeroarentzat eta hiriarentzat duen balio erantsia erakusteko asmoz.“Tokiko merkataritza funtsezko elementua da herritar guztientzat kale erakargarriak eta seguruak sortzeko. Gainera, gure hiriko egitura sozialari kohesio handiagoa ematen dion gertuko jarduera ekonomikoa sustatzeko lanean giltzarria dela esan dezakegu”, azpimarratu du zinegotziak.

Dastaketa berezi hau honako saltoki hauek egin dute: Langarica Iluminación, Disco Láser, Perfumería Ibarrondo, Confitería La Peña Dulce eta Entretelas. Haietako bakoitzak bere produktuak 5 zentzumenetako batekin lotu ditu: ikusmena, entzumena, usaimena, dastamena eta ukimena.

Hala, erosketako benetako esperientzia transmititu ahal izan dute eta bertaratutakoek dastaketa-orri berezi baten bidez baloratu behar izan dute gero. Bertan, ezaugarri hauek zeuden jasota: gertutasuna, entzutea, kalitatea, aholkularitza pertsonalizatua, zerbitzua, aberastasuna sortzea, lankidetza, ingurune edo berrikuntzako jarduerari emandako bultzada eta abar.