Síguenos en redes sociales:

UEMAk ostiralean irekiko du udalerri euskaldunetako gazteentzako 'Salto!' udalekuetan izena emateko epea

Aurten ere ibiltaria izango da ekimena

UEMAk ostiralean irekiko du udalerri euskaldunetako gazteentzako 'Salto!' udalekuetan izena emateko epeaUtzitakoa

UEMAk udalerri euskaldunetako gazteentzako 'Salto!' udalekuak antolatu ditu aurten ere, bi txandatan, ekainaren 24tik uztailaren 2ra eta uztailaren 4tik 12ra, eta izena emateko epea ostiralean zabaldu eta martxoaren 31n amaituko da.

Aurten ere ibiltaria izango da ekimena, eta Arantzatik Elizondorako bidea egingo dute gazteek, Nafarroan barrena. Txanda bakoitzean 60 lagunentzako lekua dago, 2006. eta 2009. urteen artean jaiotakoentzat. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea da udalekuen helburua.

UEMAk jakinarazi duenez, euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira bere ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei eta udalerri euskaldunei buruzko 'Hedatu' hezkuntza proiektua abian du, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, LHko, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Udalerri euskaldunak eta arnasguneak giltzarriak direla nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta saretzea lortu nahi da 'Salto!' udalekuekin.

Aurten, 2006 eta 2009 artean jaiotako gazteek izango dute udalekuetan parte hartzeko aukera, eta lehen aldiz bi txanda izango dira: ekainaren 24tik uztailaren 2ra eta uztailaren 4tik 12ra. Azken urteetan bezala, ibiltaria izango da ekimena: Arantzan hasi eta, Doneztebe eta Oronoz-Mugaire zeharkatu ondoren, Elizondora iritsiko dira. Herri bakoitzean bi gau pasatuko dituzte gazteek, eta herri batetik bestera oinez mugituko dira.

Izena emateko epea ostiralean zabalduko da, eta martxoaren 31 arte izango da zabalik.