21 Zabalgunea udal hirigintza sozietatearen kontseiluak Tokiko Gobernu  Batzarrarentzako proposamen bat onetsi du, datozen bi urteetan Gasteizko  etxebizitzak eta bizitegi-eraikinak birgaitzeko laguntzetarako deialdia egin dezan, horretara guztira 4 milioi euro bideratuz. PSE, EAJ, EH Bildu eta PPren aldeko  botoez onartu da proposamena.

Laguntzen lerro berri horri esker, “igogailuak berritu, instalatu, inguratzaile energetikoa hobetu, egitura sendotzeko obrak egin, interes artistikoa dela eta katalogatuta dauden eraikinen zaharberritzea eta kontserbazioa egin, barrera arkitektonikoak kendu eta eraikinetan isolamendu akustikoa jarri ahal izango da besteak beste” 21 Zabalguneko presidenteak, Borja Rodríguezek, azaldu duenez.

Akordioa Tokiko Gobernu Batzarrak ostiralean egiten duen bilkuran kontuan hartuko da eta, hala badagokio, onetsiko; iturgintza, berokuntza, elektrizitate eta saneamendu instalazio zaharkituak eraberritzea edo ordeztea ere barne hartuko du deialdiak. Bestalde, patologia estrukturalak eta haien aurria ekiditen duten eraikinetako sendotze estrukturaleko obrak (Eraikinen Ikuskapen Teknikoan jasotakoak) egitera ere bideratu ahal izango dira.

Laguntzen deialdi berri honek 2018an indarrean zeudenak eta ordutik berriro argitaratu ez direnak hartu ditu oinarritzat. “Lau milioi euroko zenbatekoa bi milioiko urterokotan banatuko da programa indarrean egongo den bi urteetan”, zehaztu du Rodríguezek. Interesa dutenek laguntza horiek Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari ofizialean (ALHAO) argitaratu eta hurrengo egunetik hasi, eta 2025eko abenduaren 31ra edo aurrekontua agortzen den arte eskatu ahal izango dituzte.

Birgaitze-lanetarako laguntzen deialdi hau Gasteiz osoan aplikatuko da Alde Zaharrean izan ezik. Izan ere, Alde Zaharrak eraikinak eta etxebizitzak hobetzeko eta kontserbatzeko dirulaguntza espezifikoen bere programa eta lerroa ditu.