Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 22.804.795,58 euroko aurrekontu saila onartu berri du (BEZ barne), Leioan (Bizkai) Jose Miguel Barandiaran Bigarren Hezkuntzako Institutuaren eraikin berria egiteko. Diru kopurua Jaurlarutzaren azken gobernu bilkuran onartu zen, otsailaren 22an.

Hezkuntza Sailetik zehaztu dutenez, lanak egiteko epea 22 hilabete izango da. Lanotarako gastua Jaurlaritzaren gobernu kontseiluan onartu ondoren, Hezkuntza Sailak Leioako Barandiaran Bigarren Hezkuntzako Institutuaren eraikin berria jasotzeko proiektua esleitzeko prozesua abiatuko du.

Barandiaran BHIren eraikin berria Sakoneta auzoan dagoen 13.783 metro karratuko lursail batean eraikiko da, institutuaren egungo bi eraikinetako batetik hurbil (Barandiaran Behekoa eraikinetik), Altzaga ikastetxe publikoaren eta Leioako osasun zentroaren artean. Horrela, egun ikasketak bi eraikinetan banatuta egiten ari diren ikasleak eraikin bakar eta berrian bilduko dira, herriaren erdigunean.

9.743 metro koadroko azalera eraikia izango duen eraikinak DBHko eta Batxilergoko bosna lerro hartuko ditu. Bolumen trinkoa duen eraikina diseinatu da, soiltasun, ekonomia eta eraginkortasun energetikoaren printzipioei jarraiki. Horretarako, material iraunkorrak bilatu dira, mantentze lan gutxi eskatzen dutenak.

Eraikin luzanga eta lineala izango da, Aldapabarrena kalearen trazadurari jarraitzen diona. Kale horretatik izango du sarrera nagusia. Eraikinaren lerro zuzen hori hautsi egingo da apur bat erdialdean, aipatutako kaleak pare horretan egiten duen bihurgunera egokitzeko.

Eraikin berriak hiru solairutan banatuko ditu espazio guztiak: beheko solairuan eta goiko bi solairutan. Gainera, orube horren maldak aukera eskaintzen du eraikinari sestra azpiko edo erdisotoko solairu zabal bat emateko.

Beheko solairuan, besteak beste, administrazio gunea, zuzendaritza bulegoak, bilerak egiteko eta erabilera anitzeko gelak, irakasleen gela, liburutegia eta jantokia egongo dira. Goiko bi solairuetan, DBHko eta Batxilergoko gela arruntak kokatuko dira, baita beste gela espezifiko batzuk ere, hala nola laborategiak, musika, marrazketa, informatika edo teknologia gelak. Sestra azpiko solairua aparkalekuetarako, biltegi orokorrerako, aldageletarako edo galdara gelarako erabiliko da, besteak beste.