Astronomian, bi modu zehatzetan neurtzen da unibertsoaren hedapena, “Hubble-ren konstante” ere deritzona. Lehenengoan, hurbiletik behatzen dira supernobak (hots, izar batzuen bizi-zikloaren amaieran gertatzen diren leherketa masiboak), eta bigarrenean, berriz, “mikrouhinen hondo kosmikoa” erabiltzen da (hau da, Big Bang-a gertatu eta gutxira unibertsoan barrena libreki zabaltzen hasi zen erradiazioa). Hala ere, bi neurketa horien artean % 10 inguruko aldea dago, eta horrek eztabaida handia piztu du fisikari eta astronomoen artean. Bi neurketak zehatzak badira, horrek esan nahi du gaur egun unibertsoaren sorrerari buruz zientzialariek duten teoria osatugabea dela.
Nazioarteko talde batek Hubble-ren konstantearen beste kalkulu bat egin du, behin eta berriro agertzean supernoba batek igortzen duen argia aztertuta. Nazioarteko talde horretako kideetako bat Tom Broadhurst da, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ikerbasque ikerketa-irakaslea eta Donostia International Physics Centerreko ikertzaile elkartua.
Zera esan du Patrick Kellyk, azterlanaren egile nagusiak eta Minnesotako Unibertsitateko Fisika eta Astronomia Fakultateko irakasle laguntzaileak: “Neurketa berri eta independenteek berresten badute ez datozela bat Hubble-ren konstantearen bi neurketa horiek, kolokan jarriko litzateke kosmosaren gure interpretazioa. Orain, zalantza da ea arazoren bat dagoen neurketa batekin, edo biekin.
Horri heltzen dio gure ikerketak, eta, horretarako, modu independentean eta oso desberdinean neurtzen du unibertsoaren hedapen-tasa”.
Hedapen-tasa kalkulatzeko, taldeak Refsdal supernobaren datuak erabili ditu. Supernoba hori, lehen aldiz, irudi batean baino gehiagotan jaso da; hau da, teleskopioak gertaera kosmiko beraren lau irudi desberdin atera ditu.
Aurkikuntzaren ondoren, mundu osoko taldeek iragarri zuten supernoba beste leku batean agertuko zela 2015ean, eta Minnesotako Unibertsitateko taldeak beste irudi hori atera zuen. Supernobaren aurrean galaxia-multzo batek grabitazio-leiar gisa ziharduelako lortu ziren irudi horiek guztiak. Fenomeno horretan, multzoaren masak argia okertzen eta handiagotzen du. 2014ko eta 2015eko irudietako agerpenen arteko atzerapenak kontuan hartuta, Hubble-ren konstantea neurtu ahal izan dute ikertzaileek, 1964an Sjur Refsdal astronomo norvegiarrak garatu zuen teoria bat erabilita; ordura arte, ezin izan zen teoria hori praktikan jarri.