Gasteizko Udaleko Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak Gasteiz hiribideko bigarren tartearen erreforma integrala egiteko aukera aztertuko du, Tomas Zumarraga Dohatsua kalearekiko elkargunetik aurrera, hain zuzen.

Lanak 2012an egindako lehen fasekoak osatuko lituzkete, baina, gogoeta egin aurretik, beharrezkoa da tranbiak Zabalganan etorkizunean izango duen behin betiko ibilbidea ezagutzea, Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegoitziak jakinarazi duenez.

"Gasteiz hiribidea hiriko mugikortasunerako funtsezko ardatza da. Mugikortasun Planeko superetxadien eskeman joan-etorriak egiteko bide nagusia da txirrindularien, oinezkoen, garraio publikoaren eta ibilgailu pribatuaren mugikortasunerako. Hori dela eta, kale horretan egin beharreko edozein esku hartze mugikortasuneko modu guztiak jasotzen dituen erreforma integral gisa planteatu beharko litzateke eta, gainera, hiriko azpiegitura berdea sendotu beharko luke, aurrez egokitutako hiribideko iparraldeko tartean egin den moduan. Eta egiteke dugun zerbait da", azaldu du.

Lan horiek egiteko inbertsio publiko handia behar dela eta orain "beste lehentasun batzuk" daudela esan du, eta gaur egun horiek direla presazkoenak. Adierazi duenez, "agintaldi honetarako lehentasunak diseinatzeko garaian, oso jarduera erabakigarriak ditugu Zaramagan, Herrandarren kalean, Legutianoko Atean, Zabalgunean edo Maria Sarmiento edo Martin Ttipia plazetan Europar Batasuneko Next funtsei esker. Nahiago nuke denerako dirua izango bagenu, baina lehentasunak finkatu behar ditugu eta gure hiriko auzoetan lan handia dugu oraindik".

Espazio Publikoaren Udal Batzordeak egindako bileran, Artolazabalek nabarmendu du gogoeta sakonetik abiatuta landu nahi dutela obra. Hala, zehazki jakin nahi dute tranbia Zabalganara zabaltzeko proiektua nola geratuko den eta, bereziki, Adriano VI.a kalearekin bidegurutzean, ibilbidea hortik igaroko baita.

"Egin beharreko lanen inguruko gogoeta sakona egin behar dugu eta horrek, ezinbestean, tranbia Zabalganara hel dadin laster egingo dituzten eraikitze lanak jaso beharko ditu. Izan ere, tranbiak Adriano VI.a kalea zeharkatuko du. Hori guztia dela eta, beharrezkoa da bidegurutze hori nola geratuko den aurrez jakitea bide horren birmoldaketa proiektatu aurretik", azaldu du.

Hori dela eta, Euskal Trenbide Sareak obra zibilaren eraikuntza proiektua eta informazio azterlana onartzen dituenean, "gure hiriko bide nagusi honen etorkizuneko diseinuari buruzko gogoeta abiarazi nahiko genuke".

Artolazabalek gogorarazi duenez, iparraldeko fasea orain 12 urte gauzatu zuten eta zortzi milioi euroko inbertsioa eskatu zuen. "Baina orain ez dugu halako finantzaketarik. Herrandarren kalearen erreforma bidez dagoeneko eraikitzen ari garen barneko eraztuna osatzeko beharrezkoa den eta oraindik egin gabe dagoena da bigarren fasea", gaineratu du.