Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak 2018tik 2021era emakume eta gizonen arteko soldata arrakala %22,6tik %16,7ra murriztea lortu duten politika publikoak aldarrikatu ditu, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna "lehen mailako helburu demokratikoa eta lehiakortasunaren motorra" dela ziurtatu du.
INE estatistikako erakundeak argitaratutako Euskadiko soldata arrakalaren azken datua iragarri du Mendiak: eskuragarri dagoen azken datua, 2021ekoa, %16,7koa da, 2018ko zifra (%22,6) baino ia sei puntu txikiagoa. Nabarmendu duenez, "hiru urtean sei puntu gutxiago dira, eta tarte hori inoiz ez da izan hain denbora tarte laburrean". Bere iritziz, horregatik da hain garrantzitsua "zerk eragin duen aztertzea, benetako berdintasuna lortu arte beharrezkoa den guztia zuzentzeko".
Berdintasunaren alde
Mendiak ziurtatu du berdintasuna "bidezkoa" eta "posible" dela, eta berretsi du soldata berdintasun handiagorantz goazela, legealdi honetan gertatu den bezala, azken lau urteotan distantziak murriztu baitira "erabakitako politika publikoei esker".
Ildo horretan, 2018tik Euskadin soldata arrakala murrizten ari dela adierazten duten bi gertaera esanguratsu gogorarazi ditu: batetik, Eusko Jaurlaritzaren Sailen arteko lehen estrategia, zeinean Lan eta Enplegu Sailak "jarduketa integral bat hartzen baitu bere gain, haren diseinuan eta betearazpenean parte hartuz", eta, bestetik, "Espainiako Gobernuaren aldaketa, arrakala murrizteko funtsezkoak izango diren neurriak hartzen hasi baita".
Neurri horien artean, lanbide arteko gutxieneko soldataren %54ko igoera, "batez ere emakumeei eta gazteei eragiten diena"; soldata gardentasunaren eta ordainsari auditorien betebeharra enpresentzat; 50 langiletik gorako enpresa guztiei berdintasun planak egiteko betebeharra eta, "berriena, pentsioen azken erreforman sartutako arraila zuzentzeko mekanismoak" nabarmendu ditu Mendiak.
Bere hitzetan, arau esparru orokor horrek ahalbidetu du "Euskadin enpresetan eta gizarte osoan sakontzea". Horren erakusgarri dira Lan eta Enplegu Sailak legegintzaldi honetan bultzatutako neurriak eta ekintzak, soldata berdintasunaren arloko sentsibilizazio kanpainak, 'Balio Bereko Lana' liburuaren argitalpena, emakumeen ekintzailetza eta lidergoa bultzatzeko ildo bat bultzatzea, eta sektore maskulinizatuetan emakumeak prestatzeko eta kontratatzeko bide berri bat sortzea.
Era berean, "oraindik gehiegi alboratzen diren" zainketak profesionalizatzeko eta duintzeko lana nabarmendu du, "oraindik ere" emakumeak protagonista baititu, "batez ere migratzaileak".