Aurten edo beranduenez 2025ean Euskadin sortu nahi den karbonoaren borondatezko merkatua proiektu berritzailea da, basogintza-sektoreak berak (Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak) bultzatua eta estatuko hainbat unibertsitatek babestua (Valentziako Unibertsitate Politeknikoa, Zaragozako Unibertsitatea, Gironako Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea), bai eta enpresa teknologikoek (Elkarmedia) eta PEFC ziurtagiri-sistemak ere, nazioartean gehien ezarritako baso-ziurtapeneko sistema baita.

"Euskadin sortu nahi den CO2 merkatu boluntarioaren proiektuaren helburua da euskal basoek karbonoa xurgatzeko duten gaitasuna handitzea, abiapuntuko oinarrizko mailari dagokionez lehendik dauden baso-masek xurgatzeko duten gaitasuna modu egiaztagarrian handitzera bideratutako kudeaketa baten bidez; izan ere, araudiak eskatzen du karbono-harrapaketaren zenbatekoa handitzea jarduketaren aurreko mailarekin alderatuta (gehigarria deiturikoa)", azaldu du Inmaculada Astorkiza UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasle eta proiektuaren ekonomiako unibertsitateen arteko taldeko ikertzaile nagusiak.

Euskadiko Ziurtatutako Azalera Osoa 107.477 hektareakoa (ha) da, eta eskaintza hasieran osatzeko ahalmena du. Eskaintza horren ia erdia titulartasun pribatukoa da, basoen jabe txiki eta ertainak ( % 49,1), eta 86 zuhaitz-espezie baino gehiagok osatzen dute (pinua, eukaliptoa, gaztainondoa, haritza...). "Pentsatzekoa da ekimen honek baso-jabe berriak bultzatuko dituela Kudeaketa Iraunkorreko Plan Teknikoak egitera, eta ziurtagiri honen bidez (sine qua non baldintza) borondatezko merkatuan parte hartu ahal izango dutela", adierazi du Astorkiza irakasleak.

Era berean, borondatezko merkatua abian jartzeak dakartzan onura nagusietako batzuk aipatzen ditu: “alde batetik, baso-jabeei diru-sarrera gehigarri osagarriak sortzen dizkie, eta kudeaketa iraunkorraren bidetik jarraitu behar izatea sustatzen du; era berean, karbonoaren baso-kudeaketak tokiko enplegu berriak sortzen ditu landa-eremuetan. Bestetik, enpresa parte-hartzaileen Erantzukizun Sozial Korporatiboa (ESK) hobetzen du, haien ospea handitzen du eta marka-irudia hobetzen du Euskadin eta beste autonomia-erkidego batzuetan”.

Proiektuaren bideragarritasuna eta zabaltasuna ebaluatzeko helburuarekin, Astorkiza doktoreak zuzentzen duen taldeak merkatuaren eskariaren potentziala aztertu du, enpresen sektore eta tamaina aniztasuna kontuan hartuta. Euskadiko ia 30.000 enpresa zehaztu ditu, mikroenpresa, enpresa txiki eta ertain eta konpainia handi gisa sailkatuta.

Okertzeko arriskua badago ere, Astorkiza doktorearen arabera, "datuak atarikoak” direlako, basoa batez beste 4,1 t CO2 biltzen ariko litzateke hektarea eta urte bakoitzeko Euskadin, gaur egun 396.191 ha dituela kontuan hartuta, 1.624.392 t CO2/urte izango litzateke, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Berotegi Efektuko Isurketen Inbentarioan jasotako 17,5Mt CO2/urte kopuruaren % 9.

Landaketa berrietarako borondatezko merkatuko prezioak nahiko aldakorrak dira, baina 30-45 €/ t CO2 artekoak dira berrikusitako kasuetan, nahiz eta merkatu horiek ez duten ziurtagiri estandarrik, eta ez duten klima-aldaketara egokitzeko baso-praktikarik jasotzen, ezta karbonoaren kostu soziala aintzat hartzen ere. Baina beste leku batzuetan egindako merkatu boluntarioen esperientziak eta hemen ezarri nahi dena desberdinak dira. Lehenengoetan, saltzen den karbonoak berme gutxiago ditu (kalkulatutako zenbatespenak errealitatean betetzen direla), ez baitago kontrolatuta, ezta ziurtagiriaren bidez egiaztatuta ere.

Euskadin egin nahi dena, berriz, 5 urtean behin egiaztatzen du AENORek, eta egiazkotasun-berme guztiekin ateratzen da merkatura. "Euskadin merkaturatu nahi den karbonoak baldintza osoagoak, zorrotzagoak eta egiaztatuagoak betetzen dituenez, gure basogintza-sektorearen eskaintzaren kalitatearekin hobeto egokitzen den irteera-prezioa lortu behar da, produktu horrengatik euskal enpresak ordaintzeko prest daudela adierazten duen inkesta baten bidez", aurreratu du Astorkizak.