Azken hilabeteetan, Ertzaintzak hauteman du gora egin duela oxido nitrosoaren, barrearen gasa ere esaten zaionaren, kontsumoak, aisialdiarekin lotuta.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailetik prentsa-ohar baten bitartez azpimarratu zutenez, "substantzia hori erabiltzea baimenduta dago bai elikagaien industrian bai industria aeroespazialean, bai eta ospitale-erabilerako sendagai gisa ere, medikuak aginduta".
"Hala ere, gero eta gehiago detektatzen da aisialdiko eremuetan, modu ludikoan erabilita, eta horrek hainbat erreakzio eragin ditzake kontsumitzen duen pertsonaren organismoan, besteak beste, haluzinazioak, desorientazioa edo zorabioak", gaineratu zuten Ertzaintzatik.
Ikerketa berria; salerosketan arreta jarri duena
"Datu larri horien aurrean, Gasteizko Ertzain-etxeak substantzia horren salerosketan jarri du arreta, osasun publikoaren aurkako delitua baita", azpimarratu zutenez.
Orain arte, eginbideak ireki dituzte era horretako hiru deliturengatik Gasteizen, bai gaueko aisialdiko lokalen barruan bai kalean, eta, horren ondorioz, lau pertsona ikertu dituzte egitate horiengatik. Substantziaren salmenta eta kontsumoa erabat barneratuta dago giro horietan, eta, antza denez, legezko beste substantzia batzuen kontsumoarekin, esate baterako tabakoa katxinbetan erretzearekin, batera eskaintzen da, nahiz eta, berez, droga-trafikoaren delitua litzatekeen.
Gasteizko Ertzain-etxetik Arabako Probintzia Fiskaltzarekin batera lanean jarraitzen dute substantzia horren salerosketa eragozteko.