Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa Taldeak (OPIK) egindako ikerketa batek hauteman duenez, neska nerabeek antsiolitiko eta hipnosedatzaile (AHS) gehiago kontsumitzen dituzte adin bereko mutilek baino. Gurasoen hezkuntza maila zenbat eta txikiagoa izan (bereziki, amen prestakuntza akademikoa), orduan eta handiagoa da aldea. Dena den, badirudi jatorri geografikoak ez duela eraginik farmako horien kontsumoan.
Horiek dira UPV/EHUko OPIK ikertaldeak 2021ean egindako ikerketa honetan ateratako ondorio nagusiak: “Desigualdades de género en el consumo de ansiolíticos e hipnosedantes (AHS) por parte de los adolescentes en España”. Ikertaldearen arabera, “biztanleriaren osasun mentalaren narriaduraren gero eta zantzu gehiago daude; batez ere, emakumeen eta nerabeen artean”. Gainera, “azken hamarkadetan modu progresiboan hazi da antsiolitikoen eta antidepresiboen kontsumoa”.
Eta horretaz ohartu zirelako jarri zuten martxan ikerketa
Zehazki, AHSen kontsumoari lotuta Espainiako Bigarren Hezkuntzako hamalau eta hemezortzi urte bitarteko ikasleen artean dauden genero desberdintasunak eta bilakaera (2010-2021) aztertu dituzte. Horretarako, beste desberdintasun faktore batzuk ere izan zituzten kontuan, hala nola jatorria eta gurasoen hezkuntza maila.
Ikerketan ikusi dutenez, “neska ikasle guztiek adierazitako kontsumoa nabarmen handiagoa da adin bereko mutilena baino: nesken % 24,1ek eta mutilen % 15,3k kontsumitu dituzte psikofarmakoak noizbait; eta nesken % 17,6k eta mutilen % 9,7k kontsumitu zituzten azken urtean. Gainera, adinarekin kontsumoa handitu egiten dela hauteman da: emakumeen % 26,9k kontsumitu zituzten mota horretako farmakoak hamazazpi urte zituztenerako, eta % 30,7ra igo zen ehunekoa hemezortzi urterekin. Dena den, kontsumoaren hazkundea handiagoa izan zen mutilen artean, horien kontsumoa bikoiztu egin baitzen hamalau eta hemezortzi urteren artean”.
Bestetik, ama-alaben arteko harremanaren eta AHSen kontsumo handiagoaren arteko lotura nabarmentzen du ikerketak. Ikerketaren arabera, “amak egoera sozioekonomiko eta mental txarra izateak eta haren ondoezaren medikalizazio posibleak lagundu egin lezake kontsumoa alabei helarazten, amak alaba zaintzeko bide gisa, familia barneko leialtasun sistema ikusezin baten barruan”.
Era berean, ikerketak nabarmendu du gurasoen ikasketa maila lotuta dagoela antsiolitikoen eta hipnosedatzaileen kontsumo handiagoa izatearekin. Ikerketaren emaitzen arabera, aitaren eta amaren ikasketa maila gero eta baxuagoa izan (bereziki, amarena), produktu horien kontsumoa orduan eta handiagoa zen neska nerabeen artean. Aitzitik, faktore horrek ez zuen eragin handirik mutilen kontsumoan.
Aldiz, badirudi gurasoen jatorriak ez duela inolako eraginik. Izan ere, “antzeko portaerak hauteman ziren errenta ertain-baxuko herrialdeetatik etorritakoen eta bertako ikaskideen artean”.