Indarkeria matxista desagerraraztea eta berdintasuneko gizartea eraikitzea, horixe da XII. legegintzaldiko Gobernu Programaren 93. konpromisoa.

Atal honetan, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko Estatistikaren daturik aipagarrienak aurkezten dira, Segurtasun Sailarenak, 2022. urtekoak eta polizia-eginbideetan jasotako arau-hauste penaletatik datozenak.

Emakumeen aurkako indarkeriak gora egin zuen 2022an, aurreko urteetan osasun-larrialdiko egoeraren ondorioz behera egin ondoren, eta dagoeneko 2019ko balioak gainditu ditu.

2022. urtean, emakumeen aurkako indarkeriaren 6.143 kasu erregistratu ziren guztira, hau da, aurreko urtean baino %13,13 gehiago. Aurreko bi urteetan COVID-19ak eragindako ezohiko egoeraren ondorioz kasuen kopuruak behera egin bazuen ere, 2022. urteko kasuak 2019koak baino %11,33 gehiago izan ziren, Eustaten arabera.

Biktimizazioek azken 10 urteetan izan duten bilakaerak agerian uzten duenez, salatutako kasuek goranzko progresio bat izan dute, eta kopururik handiena 2022an erregistratu da.

Indarkeria mota kontuan hartuta, bikotekidearenak edo bikotekide ohiarenak serieko zifrarik handiena izan zuen 2022. urtean, eta 4.507 kasu izan ziren guztira, hau da, 2021ean baino %16,34 gehiago eta pandemiaren aurretik baino %10,3 gehiago.

Familia barruko indarkeriak aurreko urteetakoen antzeko balioak izan zituen 2022an, baina %20,91 igo da azken hamarkadan.

Sexu-indarkeriak (familia-esparrutik kanpoko pertsonek eragindakoak), halaber, %22,64ko proportzioan egin zuen gora 2022an, 2019. urtearekin alderatuta, eta 500 kasu baino gehiago izan ziren guztira. Indarkeria mota hori da 2012. urteaz geroztik gehien igo dena (%144,1).

Lurralde guztietan egin zuten gora emakumearen aurkako indarkeria-kasuek, are neurri handiagoan bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoek. Izan ere, kasu horiek aurreko urtean baino %22 gehiago izan ziren Araban eta Gipuzkoan, eta %11,26 gehiago Bizkaian.

Grafikoetan ikus daitekeenez, familia barruko biktimizazioek behera egin zuten Gipuzkoan izan ezik, lurralde horretan aurreko urtean baino gehixeago izan baitziren.

Sexu-indarkeriaren kasuen kopuruak %48ko igoera izan zuen Araban (77 kasu), eta txikiagoa Bizkaian (% 22,3ko igoera eta 274 kasu). Gipuzkoan, berriz, 175 kasu izan ziren 2021. urtean, eta 169 kasu 2022an.

Lurralde historikoen araberako biktimizazio-tasak erakusten duenez, Gipuzkoa tasarik txikieneko lurraldea izan da serie osoan. Bizkaiak, berriz, tasarik handienak agertu ditu. Hala ere, Arabako datuak urtez urte aldakuntzarik handiena dutenak dira, eta 2019an eta 2022an Bizkaiko datuak baino txarragoak izan ziren.

Datuek ez dute serie egonkor bat agertzen, eta ez da goranzko edo beheranzko joera garbirik ikusten. Edonola ere, Arabako azken datua nabarmendu da. Izan ere, 10.000 emakumeko 47,33 kasu izan zituen 2021ean, eta 55,73 2022an.

Euskal AEko 251 udalerrietako 66tan ez zen salaketa bakar bat ere aurkeztu emakumeen aurkako indarkeriagatik. Beste 16 udalerrik, berriz, 10.000 emakumeko 100 kasutik gorako tasa bat izan zuten, eta haietako 3k 200 kasutik gorako tasa agertu zuten.