Foru Aldundiak amaitu ditu Urtegiko Ibilbide Berdeko Azua eta Langara arteko tartea hobetzeko lanak. Lanak Construcciones Aguado Cabezudo SA enpresari adjudikatu zaizkio, 168.084,61 eurotan, BEZa barne. 

Esku hartze horretan plataforma hobetu eta ezpondak eta zoladura finkatu dira Urtegiko Ibilbide Berdean, 2.015 metroko tartean, Dehesa aurkintzaren eta Langara Ganboako herrigunearen artean.

Eremu horrek du erabilera intentsitate handiena, paisaian eta ingurumen aisialdian duen erakargarritasunagatik, urtegiaren iparraldeko sektorea inguratzen duen eraztunaren barruan. Eremu horren zati handi batean plataformak ez du azalera sendorik; beraz, udazkenean eta neguan, eta lehenengo euria egiten duenean, bidearen egoera eta ibilbidearen prestazioak kaltetu daitezke.

Amaia Barredo Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Saileko diputatuak jarduera horren balioa azpimarratu du, "gure lurraldeak duen naturagune garrantzitsuenetako bat hobetzea dakarrelako. Esku hartze honen bidez, urtegira oinez joan eta paisaiaz eta bertako faunaz gozatu nahi duten pertsona guztiek, bereziki uretako hegaztiak ikusi nahi dituztenek, negu-pasarako eta ugaltzeko lekua baita, segurtasun eta erosotasun osoz egin dezaten nahi izan dugu".

 

Lan horiek eginda, nabarmen hobetu dira bide zoruaren ezaugarriak, eta bide hori, hezetasun baldintzetan ere, egokia da orain.

Era berean, ibilbide berdearen trazaduraren zati hori, urtegiaren eremu honetan ohikoak diren iparraldeko haize indartsuekiko orientazio eta esposizio bereziagatik, bereziki sentikorra da uraren olatuekiko eta haren higadurarekiko. Egoera horrek zenbait arazo sortarazi ditu, hala nola materialak erortzea eta plataformari eragiten dioten hondeaketak egotea ibilbidearen bi puntutan. Arazo horiek ere konpondu dira. 

 

Uribarri Ganboako Urtegiko Ibilbide Berdea Arabako Ibilbide Berdeen Sarean gehien erabiltzen den ibilbideetako bat da. Iaz 100.000 erabiltzaile, txirrindulari eta oinezko inguru ibili ziren bertatik.