Arriskua gutxien espero duzunean dago. 100 aldiz begiratu. Lelo horrekin abiatu da gaur Gasteizen 65 urtetik gorakoentzako bide-segurtasunaren arloko sentsibilizazio-programa bat. Eusko Jaurlaritzak garatu du programa hori, Gasteizko Udalaren laguntzarekin. Kanpainak Euskal Autonomia Erkidegoko 22 udalerri zeharkatuko ditu datozen hilabeteetan.
Aste honetan Arka plazan aurkeztutako ekimena 65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago, bide-segurtasunaren arloan kalteberatzat jotzen den kolektiboari. Izan ere, Euskadin 2022an harrapaketetan hildakoen erdia baino gehiago kolektibo horretakoa zen. Kanpainaren helburua da bide-arriskuen aurrean prebentziorako eta autobabeserako tresnak ematea, trafiko-istripuak saihesteko, dela oinezko gisa, dela gidari gisa.
Egun osoan zehar, jolas- eta hezkuntza-jarduerak egingo dira Arka plazan.
Parte hartu nahi dutenek bide-segurtasunari buruzko jokoez gozatu ahal izango dute. Horien bidez, arriskuak identifikatuko dituzte eta prebentzioa indartzeko beharraz jabetuko dira, tabletetan autotestak eginez, multimedia-jarduerak eginez pantaila interaktiboetan, bide-segurtasunaren gaira egokitutako herri-jolasak, denbora-pasak eta abar eginez.
Gainera, arratsaldean, programa Txagorritxuko Bizan zentrora zabalduko da 17:30etik 19:45era. Hasiera batean, taldeko saio bat egingo da, eta bertan mugikortasun segururako jardunbide egokien dekalogo bat egingo dute. Dokumentua zentroan egongo da ikusgai, praktika horiek eguneroko bizitzan txertatzeko hartutako konpromisoa gogorarazteko. Saioa amaitzeko, bakarrizketa egingo du Sergio Arrospidek, eta bide-segurtasunari buruzko mezuak umorez landuko ditu.
Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak emandako datuen arabera, 65 urtetik gorako pertsonek izaten dituzten istripu ohikoenak hauek dira: harrapatzeagatiko talkak eta aurrez aurrekoak eta albokoak, ibilgailuaren erorikoak (bizikletak, motorrak, etab.). 2023ko hilabeteetan bakarrik (urriaren 9ko datuak), Euskadin zirkulazio-istripuz hildako 29 pertsonetatik 6 (% 21) talde horretakoak ziren. 2022an, zifra hori % 32koa izan zen.
Biztanleria zaharrenaren kasuan, istripu larri bat izateko arriskurik handiena oinezkoen arloan gertatzen da, harrapaketetan. 2022an, harrapaketaren ondorioz hildakoen % 50ek eta harrapaketaren ondorioz larri zauritutakoen % 45ek 65 urte baino gehiago zituen
Udaleko Gizarte Politiketako Saila Eusko Jaurlaritzaren kanpainarekin elkarlanean aritu da, Txagorritxuko Bizan zentroko instalazioak eskuragarri jarriz eta adinekoen kolektiboan jardunaldiaren berri zabalduz. Raimundo Ruiz de Escudero zinegotziak adierazi duenez, “eskertzen dugu Gasteiz aukeratu izana programa abian jartzeko, eta gustura lagundu dugu, oso kanpaina interesgarria delako, Bizan sarean egiten dugun bide-hezkuntzako lana osatzeko”.