Maria Nanclaresek, Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoaren zinegotziak, Gasteizko Europa Kongresu Jauregian atzo ospatu zen enpresen Gizarte-Erantzukizuneko (FOARSE) XVII. Biltzarraren inaugurazioan hartu zuen parte. Biltzarraren aurtengo izenburua da ‘Nola erakarri eta atxiki talentua zure erakundean‘?
“Gasteizko Udalean ondo dakigu hiriko eta lurralde osoko lehiakortasuna sozialki arduratsuak diren kudeaketa-sistemak dituzten enpresa errentagarritasun eta lehiakorren multzoarekin bakarrik lor dezakegula. Hau da, hiri jasangarria eraikitzen rol esanguratsua betetzen dutela ondo dakiten enpresak behar ditugu”, adierazi du Nanclaresek. Gainera, balioa eman nahi izan dio enpresa mota horiek bultzatzeko bere sailak egindako lanari (ekintzailetza arloan eta zuzen-zuzenean enpresekin lotutakoari). Ekitaldian hartu dute parte Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako diputatuak, Saray Zaratek, eta FOARSEko presidenteak, Yolanda Berasateguik ere.
Inaugurazioko hitzaldia Alberto Bokos-ek, “silver economy” izenekoaren baitan 50 urte baino gehiagoko pertsonen talentua garatzen eta aprobetxatzen lan egiten duen Plataforma 50 erakundeko sortzaileetako batek, eskaini du. Bokosek talentua erakundeetan atxikitzeko eta erakartzea lortzeko bizitza osoan zehar kudeatzeko moduari buruz hitz egin du.
Foroaren urteko biltzarraren bidez, enpresen erantzukizun sozialeko eta jasangarritasuneko politikak bultzatu eta partekatu nahi dira Arabako enpresa guztien artean eta, azken urteotan, arlo horretako Estatu mailako aditu nagusietako batzuk bildu dira bertan. Aditu horiek gero eta integratuago daude enpresa-kulturan, bai enpresa handietan, bai ETE-etan.
Hain zuzen ere, azken horiek dira FOARSEk antolatutako topaketa horien helburu nagusiak.
Inaugurazio-hitzaldiaren ondoren, mahai-ingurua egin da eta, bertan, Betsaide, Ajebask (Arabako enpresari gazteen elkartea) eta Egibide Euskadiko enpresek (besteak beste) talentuaren kudeaketari buruzko esperientziak eta ezagutzak partekatu dituzte. Gai hori funtsezkoa da lurraldeko erakunde askorentzat, gero eta zailagoa baita langileen zenbait profil aurkitzea eta atxikitzea.
Biltzarrari amaiera Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, Elena Pérez Barredok, eman dio. Ekitaldia amaitzeko, lunch-networking delakoa egin da.
Enpresen Gizarte Erantzukizunerako Araba Foroa honako hauek osatzen dute: Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Konfekoop (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa), ASLE (Euskadiko Lan Sozietateen Elkartea), Kutxabank eta San Prudencio Fundazioa. Vital Fundazioak babestu du ekimena.