"Zaintzen garaian bizi gara, Arabak lurralde zaintzailea izaten jarraitzea nahi dugu, eta administrazio zaintzailea izaten jarraitzea". Horrela hasi du Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak Batzar Nagusietan bere sailaren legegintzaldi honetako ildo nagusiak azaltzeko eman duen hitzaldia. Neurri horien oinarri dira Arabako herritarren bizi itxaropen handia eta pertsona askok bizitzaren azken tarteetan izan ohi dituzten mendekotasuna eta desgaitasuna. Erronka horri erantzun ahal izateko, foru diputatuak "printzipioen dekalogo" bat proposatu du, Arabako zaintza eredu berrirako trantsizioa gidatu beharko duena.
Gorka Urtaranek azaldu duenez, trantsizioko gizarte politikei heltzeko egin beharreko urratsek pertsonak eta harremanak ardatz dituen zaintza eredu bat eskatzen dute, erakundeen presentzia handiagoa eta oreka handiagoa dituena genero ikuspegitik, etxeko eta komunitateko laguntza azpimarratzen dituena. Eredu horretan, zaintza bizitzan zeharreko alderdi jarraitu gisa ulertu behar da, zaintza eredu berrira egokitutako egoitza baliabideen sarea hedatzen jarraitu behar da eta iraupen luzeko zainketen kalitate ona, irisgarritasuna eta eskuragarritasuna eskaini behar ditu.
Printzipioen dekalogoa osatzeko, honako hauek ere jaso dira: zaintzaile profesionalen lan baldintzak eta prestakuntza eta gaikuntza hobetzea, zaintzaile ez-profesionalei laguntzeko neurriak ezartzea, gizarte berrikuntza eta ebaluazioa aplikatzea, eta lankidetza bidezko gobernantzaren aldeko apustua egitea.
Iraupen luzeko zainketen eredu berrira egokitzeko, Gorka Urtaranek iragarri du Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) hiru arlotako zerbitzuak berrantolatuko direla. Hala, arreta eta sarbide sozialeko arlo bat egongo da, gizarte zerbitzuen foru sistemara iristen diren arreta eskaerak zentralizatuko dituena, "eskuragarriagoa eta arinagoa" izan dadin; erabiltzaileari bere etxean jarraitzea erraztuko dioten baliabide guztiak bilduko dituen arlo bat, eta zuzeneko zein zeharkako kudeaketako egoitza baliabideak bilduko dituen arlo bat.
Horrez gain, genero indarkeriaren biktimei eta gizartean baztertuta dauden pertsonei arreta emateko arlo espezifiko bat sortuko da. Helburua bikoitza da. Alde batetik, "protagonismoa ematea, genero indarkeriaren aurka borrokatzeko eta indarkeria hori jasaten duten emakumeei arreta emateko politikak direla medio". Arlo horretan, "baliabide gehiago eta hobeak" iragarri ditu. Datozen hilabeteetan, 24 orduko krisi zentro bat irekiko da, sexu indarkeria jasaten duten emakumeei arreta emateko, bai eta egonaldi ertaineko egoitza zentro berri bat ere, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat, 3 familia unitaterentzako tokiarekin.
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen arlo berri horren bigarren helburua izango da egiteke dauden gizarteratzeko zerbitzuak bultzatzea, hala nola laster "housing first" izeneko esperientzia abian jartzea. Esperientzia berri horretan, etxerik gabeko pertsona zuzenean kalean egotetik "etxebizitza iraunkor, duin eta bere beharretara egokitu batera" igaroko da.
ELZ eta baliabide berriak indartzea
Etxeko arreta bultzatzera bideratutako neurrien artean, Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) indartzea aipatu du. Helburua da arreta orduen kopurua handitzea arreta handiagoa behar duten pertsonentzat, etxean jarraitu ahal izateko Etxean Bai Foru Planaren lurralde zentroa ere abian jarriko da, erabat hedatzen denean mendekotasuna duten 500 pertsonari arreta emateko. Era berean, aurreikusita dago Bizitza Independentearen Bulegoa laster irekitzea, bizitza independenterako prestazio ekonomiko berri bat sortzea, eta nahi ez den bakardadearen aurkako 'Araba a Punto' Arabako Estrategia garatzen jarraitzea, lurraldeko udalerriekin lankidetzan.