Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Europar Batasunak sustatutako EMAS ingurumena kudeatzeko sistema duten Euskal Autonomia Erkidegoko ehun erakundeekin bildu da aste honetan jendaurreko aitortzarako ekitaldi batean, Euskadiren jasangarritasunarekin duten konpromisoagatik haiei eskerrak emateko. Bilboko Itsas Museoan egin da ekitaldian.
EMAS bezalako ingurumen kudeaketa sistema bat egiaztatzeak edozein erakunderi eskatzen dion ahalegina baloratu ondoren, Tapia sailburuak azpimarratu du “jendeak orokorrean uste duenaren kontra, jasangarritasuna eta hazkunde ekonomikoa ez dira elkar baztertzaileak. Izan ere, osagarriak dira. EMAS erakundeak erakusten ari zarete posible dela ekonomikoki aurrera egitea eta aldi berean planeta eta ingurunea zaintzea. Jasangarritasunean egiten diren inbertsioek ingurumena babestu ez ezik enplegua sortzen dute eta berrikuntza sustatzen dute.
Gaur egun, Euskadiko EMAS erregistroan, Ingurumen Iraunkortasun Sailburuordetzak kudeatuta, 99 erakunde daude izena emanda, hau da, Europan EMAS erregistroan izena emanda duten guztien %2,2 (4.039 ziren, 2023ko ekainean). Euskadin izena emanda dauden ehun erakunde inguruk 14 jarduera sektoretakoak dira. Zehazki, manufaktura industria eta administrazio publikoa erregistroen %37 dira.
Sailburuaren hitzaldiaren ondoren, sektore desberdinetako (industria, hezkuntza eta osasuna) hiru erakundek azaldu dizkigute zer onura ekarri dizkien beraiei beren kudeaketan horrelako sistema bat integratzeak. Hauek izan dira hiru erakundeak: Construcciones Sukia, Euskadin etxebizitzak sustatzeko eta eraikitzeko sektorearen enpresa, Donostian dagoena; Fundacion Diocesanas-Jesus Obrero Fundazioa, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako zentroa, Gasteizen dagoena; eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESI, Osakidetzaren sareko Osasun Zerbitzuen erakundea.
EMASi buruz
EMAS sistema (Eco-Management and Audit Scheme) Europar Batasunak garatutako kudeaketa tresna bat da, etengabe hobetzeko konpromisoarekin ingurumen kudeaketa sistema bat ezarri duten erakundeak egiaztatu eta identifikatzen dituena, auditoria independenteen bidez egiaztatuta.
EMASen erregistratutako erakundeek ingurumenari lotuta duten portaera ebaluatzeko, kudeatzeko eta hobetzeko konpromisoa hartzen dute, eta horrek dakar erregistratutako erakundeek beraiek hobeto jardutea eta haiek sinesgarriagoak eta gardenagoak izatea. Horrez gain, EMAS sistemak kudeaketari lotuta funtsezkoak diren eta mota guztietako erakundeek aurrean dituzten hiru erronkari erantzuten die: baliabideen efizientzia, klima aldaketa eta gizarte erantzukizun korporatiboa.