Iñigo Urkullu Lehendakaria Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarekin batera izan da aste honen hasieran 2023-2024 Urte Judizialaren Irekiera ekitaldian. Beste behin, “interes alderdikoi, korporatibo edo asoziatiboen gainetik ondasun komuna" lehenesteko deia egin du, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren berrikuntzaren krisia behin betiko itxi ahal izateko. "Iaztik hona egoera ez da aldatu, egoera berean gaude eta herritarrak dira kaltetu nagusiak, baita justizia bera eta erakundearen irudi soziala ere” adierazi du. Horren harira gehitu du, Justizia Administrazioaren eremuan guztiz posible dela organo judizialen, erakundeen eta herritarren artean elkarrizketa eta lankidetzazko gobernantza aplikatzea.
Elkarrizketaren bidetik, sindikatuekin, epaileekin, fiskalekin eta abokatuekin iaz lortutako hainbat akordio aipatu ditu Lehendakariak, egoera normalizatzea eta zerbitzua berreskuratzea ahalbidetu zutenak. "Legegintzaldi honetan Eusko Jaurlaritzaren, Auzitegi Nagusiko gobernu-organoen, Fiskaltza Nagusiaren eta Auzitegi Nagusiko Idazkaritzaren arteko lankidetza sendotu dugu, eta emaitza onak izaten ari da. Lankidetza horren emaitza da Euskadiko 2022-2028 Euskadiko Justizia Plan Estrategikoa " esan du.
Justiziaren Plan Estrategikoaz gain, 2030erako Egoitza Judizial Jasangarrien Planaz ere mintzatu da Lehendakaria bere hitzaldian, eta gune judizial berriak sustatzeko abian dauden inbertsioak aipatu ditu: Bilboko Jauregi Judizial berria; Bizkaiko Fiskaltzaren eraikin berria; Gasteizko Justizia Jauregitik gertu laster ateak zabalduko dituzten zigorrak kudeatzeko zerbitzuaren bulegoak eta justiziarekiko lankidetza-zerbitzuetarako lokal berriak, Donostiako epaitegietatik gertu eraikiko direnak.
Lehendakariak aurreratu du desgaitasuna duten pertsonentzako justiziarako sarbide-plana ere aurkeztuko dutela. "Urratsak egiten jarraitzen dugu. Urte judizial berriari hasiera ematen diogu hartutako konpromisoei erantzunez eta aurrekontuetan ahalegin handia eginez, badakigulako Justizian inbertitzea ongizatean inbertitzea dela, gure Gobernu Programan jasotako konpromisoari erantzunez: gero eta Justizia modernoago, arinago, eraginkorrago