Aizpurua tesia egiten ari da, eta psikoneuroimmunologian ikertzen duen lantalde batean egonaldia egitera joan zen Miamiko Unibertsitatera. Eta, kalean ez ezik, unibertsitatean ere oso gustura dabil. "Unibertsitateko giroa, profesionalki, lan-orduetan, erritmoetan eta abar, Euskal Herriakoaren antzekoa da. Hala ere, kulturalki, badaude aldeak. Esaterako, hemen ez dute etenik egiten bazkaltzeko edo kafea hartzeko, eta, beraz, lankideon artean, ez dira sortzen han izaten ditugun tarteak".
Eta zertan datza psikoneuroimmunologia? Horrela azaldu du Aizpuruak: "Prozesu psikologikoen, eta nerbio- eta immunitate-sistemen arteko elkarreragina eta horrek osasunarekin duen erlazioa aztertzen duen zientzia da". Horren barruan, bularreko minbiziaren biziraupenarekin erlazionatutako faktore psikosozialak ikertzen ditu Aizpuruak: "zehazki, bularreko minbizia duten emakumeetan, gizarte-laguntzako esku-hartze batek estresarekin erlazionatutako zenbait aldagai psikologiko eta biologikoetan duen efektua aztertzen dut".
Haren esanean, orokorrean, ulertzen da estresak gure gorputzean eragin kaltegarria izan dezakeela. "Baina zein da estresa eta osasuna konektatzen dituen sistema? Badirudi immunitate-sistemak hor zeregin oso garrantzitsua jokatzen duela. Azken finean, prozesu psikologikoek eta gure defentsek elkarreragin sinbiotiko bat dute. Oso diziplina handia da, oso ahaltsua, eta diziplinartekotasun handia dago, eta ni pila bat kitzikatzen nau, eta pila bat gustatzen zait ikerketa-lerro hau".
Miamiko egonaldian, zehazki, hango konderrian bularreko minbiziaren diagnostikoa jaso duten pazienteekin dabil ikertzen. "Gabezia sozio-ekonomikoak, estres-faktore gisa, pazienteen egokitzapen psikologikoan eta fisiologikoan duen eragina aztertzen dut, adibidez, kortisolaren neurketaren bidez (estresaren hormona). Eta ikusten ari gara, bularreko minbizia duten talde behartsuetan, zein diren esku-hartze psikologikoen aldagai onuragarriak".
Aizpuruaren ustez, esku-hartzeak diseinatzerakoan, ezinbestean hartu behar da kontuan faktore sozioekonomikoek eta kulturalek duten pisua, eta geroz eta ikerketa gehiago egiten ari dira ildo horretan.
Ikasten jarraitzeko gogoa eta irmotasuna, funtsezkoak
Aizpuruak gogora ekarri du nola sartu zen bera horretan: "[EHUko] Psikologia fakultateko Psikobiologia taldean ari naiz egiten tesia . Hasiera batean, psikologia ikasten hasi nintzenean, argi neukan prozesu psikologikoen eta osasunaren arteko lotura edo erlazioa interesatzen zitzaidan. Eta Psikobiologia taldeak hori zehazki aztertzeko aukera eman zidan".
Orain, gizarte-laguntzek estresaren modulazioan, eta horrek alderdi psikosozialaren eta osasunaren arteko elkarrekintzan duen eragina ikertzen ari da. "Jakinda gizarte-laguntzak tresna bat direla, haien eragina ezagututa, ahalik eta onura handiena sortzera bidera daitezke. Eta horrekin prebenzio-lan nabarmena egin dezakegu, minbiziaren arloan edo beste hainbat arlotan", azaldu du.
Osasun-sistemek, izan publikoak edo pribatuak, ez dituzte zerbitzu berdinak eskaintzen leku guztietan, baina, hori hala izanik ere, Aizpuruaren iritziz, galdera da zer egin dezaketen ikerketek ematen duten informazioarekin. "Adibidez, Miamiko konderrian, baldintza sozioekonomiko apalenak dituzten lekuetan, minbizia dutenen biziraupena txikiagoa dela ikusten ari dira lantaldeko ikertzaileak. Eta hori espero izatekoa zen. Baina orain arte ez zegoen enpirikoki frogatua. Orain hurrengo pausoa da zer egiten dugun informazio horrekin".
Bukatzeko, Psikobiologia taldeko bere kideen babesa eta laguntza eskertu du, eta azpimarratu du tesia eta egonaldia egiteko funtsezkoak direla ikasten jarraitzeko gogoa eta irmotasuna. Dagoeneko, idazten ari da tesia, eta hilabete gutxi barru aurkeztuko du. Horren ondotik, ez du zalantzarik: ildo berean ikertzen jarraitu nahiko luke; hori da bere asmoa eta helburua.
Ikertzaileari buruz
Ibane Aizpurua Pérez Hernanin jaio zen, 1993an. Psikologiako gradua egin ondoren, Neurozientzietako masterra egin zuen, eta, jarraian, Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Sailean tesia egiten hasi zen. Orain, horren barruan, egonaldia egiten ari da Miamiko Unibertsitatean, psikoneuroimmunologiaren arloan. Zehazki, bularreko minbizia duten emakumeetan, gizarte-laguntzako esku-hartzeek estresean, eta horrek osasunean duen eragina ikertzen ari da.