Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotziak, María Nanclaresek, Telebista Jaialdiak (FesTVal) mundu profesionalari zuzendutako programazioren baitan, Pro FesTVal’en, eskainitako Vitoria-Gasteiz Film Office ekimenean hartu du parte.
Networkingeko topaketa Europa Biltzar eta Erakusketa Jauregian egin da eta bertan izan dira ikus-entzunezko sektoreko esparru guztietako profesionalak (makillatzaileak, teknikariak, gidoilariak, jantziekin lotutako langileak, ekoizleak, zuzendariak, aktoreak…) eta sinergia posibleak bilatzeko bidean harremanak sendotzeko aukera izan dute bertan.
“Aurten, interesgarria iruditu zaigu sektore honek duen garrantzia kanpoan bistaratzeko eta zuen lanari esker batzuetan glamourrez beteta dagoen, eta beste batzuetan horren gogorra den sektore hau eraikitzen duzuen pertsonei eta enpresei eskerrak emateko FesTVal jaialdiak eskaintzen digun erakusleihoa aprobetxatzea”, adierazi du Nanclaresek.
“Horregatik, nire Sailak zuei babesa ematen jarraituko du, ikus-entzunezko ekoizpenari eta garapenari eta gidoien idazketari laguntzak emanez, ikus-entzunezko produktuak eta produktu kulturalak sortuta tokiko talentua eta ekintzailetza bultzatzeko”, gehitu du.
Zinegotziak Film Officek Gasteiz eta Arabak filmatze-lanetarako agertoki gisa sustatzeko eta bultzatzeko betetzen duen lana azpimarratu nahi izan du. Izan ere, Estatu mailako eta nazioarteko ikus-entzunezko ekoizpenak erakartzen ditu.
“Film Office bulegoak urtean batez beste 50 filmatze-lani eskaintzen die arreta eta horien artean daude film luzeak, film laburrak, telesailak, publizitate-lanak, telebista-programak eta abar. Horrek guztiak ekonomia eta giza mailako inpaktu handia uzten du Gasteizen, ikus-entzunezko sektorean eta ekoizpenari lotutako kanpoko zerbitzuetan”, nabarmendu du.
Hain zuzen ere, Udalaren baliabide horren helburua da sektore baitan eta sektoreen artean lankidetza bultzatzea sinergiak sortzeko, tokiko enpresen artean harreman onuragarriak bilatzeko eta ezagutza sortzeko.