Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak elkarlanean jarraitzen dute arabarrei euskaltegietan euskara ikasteko aukera errazteko. Gasteizko Udalak Arabako hiriburuan euskara ikasteko antolatutako ikastaroetan izena emateko epea ireki du. Interesdunek irailaren 13ra arte izango dute kolektibo ugarirentzat eskainitako 900 plazetakoren batean matrikulatzeko epea: gurasoak, 55 urtez gorakoak, jatorri atzerritarra dutenak eta merkataritzan eta ostalaritzan lan egiten dutenak.
Gaur goizean aurkeztu dute 2023-2024 ikasturterako kanpaina `Ikasi eta bizi euskara giro onean´ lelopean. Prentsaurrekoan izan dira Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuko zinegotzia, Maria Nanclares, eta Berdintasuneko, Euskarako eta Gobernantzako foru-diputatua, Jone Berriozabal.
Euskara zinegotziak, Maria Nanclaresek, euskararen erabilerak azken hamarkada honetan Gasteizen bilakaera positiboa izan duela azaldu du. “Orain 40 urte, euskaraz hitz egiten zutenak % 5 baino gutxiago ziren; gaur egun, aldiz, % 30 dira. Gainera, zailtasun batzuk dituzten arren, horiek gainditzeko bidean dauden pertsonak gehitzen baditugu, Gasteizen euskara ulertzen duten pertsonak hizkuntza hori ulertzen ez dutenak baino gehiago direla ikusiko dugu”. Nanclaresek onartu du udal-gobernuaren helburua dela bide horretan aurrera egitea: Bilakaera horren barruan, aitortu beharrekoak dira hiztun berri horiek egindako ahalegina eta hizkuntza hori ikasi, hobetu eta praktika dezaten Udalak guneak eskaintzeko egindako apustua.
Diputatuak azpimarratu duenez, “azken 8 urteetan bezala, Arabako Foru Aldundiak euskaltegien aldeko apustua egiten jarraitzen du. Izan ere, erakunde publikoen ardura da euskaraz ikasteko eta bizitzeko aukerak sustatzea eta eskaintzea. Konbentzimenduz eta gogotsu heltzen diogu zeregin horri”.
“Berdintasuna, euskara eta gobernantza Sailaren lan-eremuak diren heinean, genero-berdintasunari erreparatu beharko diogu euskararen sustapenean. Alde handiarekin, emakumeak gehiengoa dira matrikulazioan, ikasleen % 63,9. Beraz, Arabako emakumeak zoriondu nahi ditut euskara ikasteak lehentasuna duelako”, nabarmendu du Berriozabalek. 2023-2024 ikasturtean, euskara ikasteko 900 plaza egongo dira lau ikastarotan banatuta:
1. Gurasoentzako ikastaroak. Familia esparruaren baitako hizkuntzarekin lotutako alderdi praktikoak ikasiko dituzte eta, gainera, haien seme-alaben eskolako ikasketa indartu ahal izango dute. 166 orduko ikastaroa da eta iaz egindako ordu kopuruaren igoera mantendu da, aste bakoitzean 2 orduko hiru saiotan banatuta. Urritik maiatzera bitarte iraungo du. HABEk homologatuta egongo dira eta azpimaila bana antolatuko da ikastaro bakoitzean. Eskolak gizarte-etxeetan, pertsona bakoitzaren bizitokitik gertu, eskainiko dira eta orduak kontziliazioa errazteko pentsatuta daude. 122,40 eurokoa da matrikula arruntaren prezioa ikasturte osoan. Matrikula murriztua 97,20 euroko da ikasle berrientzat eta aurreko ikasturtean % 80ko asistentzia edo handiagoa izan zutenentzat. Langabetuen kasuan, gainera, % 15eko hobaria gehituko da.
2. 55 urtetik gorakoentzako ikastaroak. Programa hori urtez urte sendotzen ari da eta zerotik hasita hizkuntzan hastapenak izatea eta eguneroko bizitzan moldatu ahal izateko lehen ezagutzak ikastea ahalbidetzen du. Hamabi ikastarotik lau BIZAN sareko zentroetan eskainiko dira (zehatzago esanda, hauetan: Koroatzea, San Martin, Txagorritxu eta San Prudentzio). Ikastaroaren kostua 52 eurokoa izango da.
3. Jatorri atzerritarra dutenentzako euskarazko ikastaroak (AISA). Hizkuntza mailako harrera da horien helburua: oinarrizko euskara (hiztegia, agurrak…) eta gizartearen inguruko ezagutzak lortzea. Salburuko Errekabarri ikastetxean taldea eratzen saiatuko gara. Horren helburua da pertsona horiek, ikastaroa egin ostean, hasierako mailako (A1) taldeetan sartu ahal izatea. Matrikularen prezioa 9,70 eurokoa da hiruhileko bakoitzeko (60 ordu).
4. Merkataritzan eta ostalaritzan lan egiten dutenentzako ikastaroak. Ikastaro horien bidez, ahoz komunikatzen eta beren establezimenduko idatzizko informazioa (errotuluak, eskaintzak, oharrak…) euskaraz prestatzen ikasiko dute. Bi ikastaro eskainiko dira: A1 (hasierako maila) eta B1.2, eskolatze-prozesua euskaraz egin dutenentzat. Matrikula 48,20 eurokoa izango da (60 ordu/lauhilekoa). Gainera, gaur egun langabezia-egoeran egonez gero, % 15eko hobaria aplikatu ahal izango da.
Gurasoentzako eta 55 urte baino gehiagokoentzako ikastaroetan izena eman ezin izan dutenek irailaren 24ra arte izango dute itxarote-zerrendetan izena emateko aukera.
Ikastaroak antolatzeaz gain, Udalak euskara ikastea sustatzeko laguntza ekonomikoak ere eskaintzen ditu. Aurten, helburu horretara bideratutako kontu-saila 150.000 €-koa izango da eta 531 eskaera jaso dira.
Aldundiaren laguntzak
Aldi berean, Arabako Foru Aldundiak 100.000 euro banatuko ditu aurten lurraldeko euskaltegietan matrikula egitean Aldundiaren dirulaguntza eskaera eta foru administrazioak eskatutako baldintzak betetzen dituztenen artean.
Baldintzak hiru dira oraindik, aurreko ikasturteetan bezala:
-Adinez nagusia izanen deialdia Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.
-Arabako Lurralde Historikoan edo Trebiñuko kokagunean erroldatuta egotea.
-A1, A2, B1 eta B2 mailetako edozeinetan matrikulatzea HABEk Araban edo Trebiñun duen euskaltegi homologatu batean.
Ikasle bakoitzak ezarritako hiru dirulaguntzetako bat jaso ahal izango du betetzen dituen orduen arabera; hau da, zenbat eta ordu gehiago eman euskaltegian, orduan eta dirulaguntza gehiago (240 euro arte).