Iratxe Calvok 11 urte ditu eta Siberiarrak kuadrillakoa da; eta Amets Bustok 13 urte ditu, eta Nekazariak taldearekin ateratzen da. Gaur hasiko diren Andre Maria Zuriaren jaietan Edurne eta Zeledon Txiki, hurrenez hurren, izateko aukeratutako haurrak dira. Maider Etxebarria alkateak eta Sonia Díaz de Corcuera Kultura zinegotziak harrera egin diete gaur Gasteizko udaletxean, eta haien senideak eta kuadrilletako ordezkariak ere bertan izan dira.

Ohikoa denez, alkateak jaietako tresnak eman dizkie: aterkiak eta zahagia. Abuztuaren 7an, astelehenean, jantziko dituzte, jaietako txikiei eskainitako egunean. Egun horretan egingo dute San Migel dorretik ohiko jaitsiera berezia.

Maider Etxebarriak egun hori “ederki” ospatzera gonbidatu ditu. “Bere garaian Edurne eta Zeledon Txikiren rola egin zuten pertsonei entzutea besterik ez dago horietako inork ahaztu ez duela egiaztatzeko. Seguru etorkizunean ere gogoratuko duzuela. Aurreratu nahi dizuet Udala, zuen familiak eta kuadrillak bezala, oso harro dagoela zuetaz”.

Alkateak gogoratu duenez, lehen Zeledon Txikia 1983an antolatu zen eta Joseba Bedia blusaren ideia izan zen. Urte hartan ez zen panpinik izan, haurra bakarrik. Hurrengo urtean, bateko lehen panpina jaitsi zen udaletxeko balkoitik La Unión tabernaraino.

Hainbat urteren ondoren, 2002an, Neska Txiki agertu zen, baina panpina izan beharrean, hezur-haragizkoa zen. 2008ra arte itxaron behar izan zen Neska Txikik Espainia plaza panpina propioarekin zeharkatzeko. Agertoki horretan ospatu zen txikien jaitsiera 2018an Andre Maria Zurira lekualdatu zen arte, bere “anaia nagusia” den Zeledon bezala.