Guztira 65 ostalaritza-establezimenduk hartuko dute parte Vital Fundazioak eta Vitoria-Gasteizko Udalak jai jasangarriagoak lortzeko eta datozen Andre Maria Zuriaren jaietan ahalik eta plastikozko hondakin gutxien sortzeko abian jarritako ekimenarekin. Horretarako, 100.000 edalontzi berrerabilgarri jarriko dituzte zirkulazioan. Iaz 35 establezimendu atxiki zitzaizkion kanpainari eta oraingo honetan 65 dira, hau da, partaidetza % 85 hazi da. 

 ‘Plastikorik ez' kanpainak erabilera bakarreko plastikozko edalontzien ordez berrerabilgarria eskuratzeko aukera eskainiko die herritarrei. Gainera, ostalaritzako zein lokal atxiki diren eta non dauden ezagutarazteko une oro, web orri bat jarri da martxan, eta bertan, mapa interaktibo batek informazio hori guztia eguneratuta erakutsiko du: https://medioambiente.fundacionvital.eus/eu/edalontziak. 

 Kalkuluen arabera, edalontzi horietako bakoitzaren bidez erabilera bakarreko plastikozko bost edalontzi baino gehiago erabiltzea saihestuko da. Gainera, 300 erabilerako balio-bizitza dute elikadura arloan. Polipropilenoz eginak daude. Material hori asko eskatzen da birziklatzeko, eta kaxak edo haur-parkeak egiteko erabiltzen da. Horien balio-bizitza 30 eta 40 urte bitartekoa izan daiteke, erabilera bakarreko plastikozko edalontziena ez bezala. 

Nola eramango da aurrera kanpaina hori?

Bezeroak euro bat jarriko du atxikitako edozein establezimendutan lehenengo kontsumizioa eskatzean. Lokalak edalontzi berrerabilgarri batean aterako dio edaria. Bezeroak establezimendu berean beste trago bat hartu nahi badu, edalontzi guztiz garbi eta higienizatu batean aterako zaio. Lokaletik joatean, bezeroak aukera bi izango ditu:

1.     Edalontzia entregatu dezake eta jarritako euroa itzultzeko eskatu.

2.     Edo, bestela, kanpainari atxikitako beste establezimendu batera eraman dezake edalontzia, eta han, edaria eskatzen duenean, guztiz garbi eta higienizatuta dagoen beste bat emango diote.