Síguenos en redes sociales:

Jaietan ere birziklatzen

Gasteizko Udalak eta Egibideko boluntarioek birziklatzeak duen garrantziaren inguruko kontzientziazio-kanpaina egingo dute Zeledonen jaitsieran eta txupinazoan

Jaietan ere birziklatzenDNA

Gasteizko Udalak programazio berezia sortu du ostiraletik aurrera hiria intentsitate handiagoz garbitzeko Gasteizko jaietan zikinkeriari aurre egiteko.

Duela urte batzuk Andre Maria Zuriaren eremura beira sartzea debekatu zenetik egin izan den moduan, aurten ere Egibideko boluntarioen presentzia eta parte-hartzea izango da.

Soinean elastiko horiak daramatzaten 32 boluntariok udaltzainekin eta Udaleko langileekin batera egingo dute lan sartzeko dispositiboaren kontrol-lanetan eta jai-egun hauetan birziklapenaren eta edalontzi berrerabilgarria behar bezala erabiltzearen inguruko kanpaina egiten, lelo hau oinarritzat hartuta: ‘asteizko jaietan ere birziklatu.

Gasteizko Udalak garbiketako eta hondakinen bilketarako programa indartuko du hiriko kaleak eta plazak egoera onean egon daitezen”, azpimarratu du Ingurumen Kudeaketaren zinegotziak, Pascual Borjak.

Berritasun gisa, aurten ontziak biltzeko hondakinen 100 kubo txiki jarriko dira hiriko erdigune osoan zehar. Horren bidez, jaietan sortu ohi diren ehunka ontzik lurrean eta, horrenbestez, Gardelegiko zabortegian amaitzea ekidin nahi da.

Uztailaren 17an hasi zen jai aurreko garbiketako kanpaina intentsibo berezia eta abuztuaren 3ra, ostegunera, arte iraungo du. “Hiriguneko 21 gunetan egingo diren prebentziozko mantentze-lan horietan, kartelak kendu, pintadak ezabatu eta bide-zoruak garbituko dituzte”, azaldu du Borjak.

Gainera, Erdi Aroko erdiguneko eta Zabalguneko hainbat tokitan Gasteizko enpresa batek sortutako produktua (CK Splash back) aplikatu dute bertan pixa egitea ekiditeko. Likido garden eta kalterik eragiten ez duena da eta likidoak gainazalean sartzea ekiditen du, errazago garbitu eta likidoa kanporantz ateratzeko.

Abuztuaren 4tik, ostiraletik, hilaren 9ra, asteazkenera arte, ohiko garbiketa intentsiboko lanak egingo dituzte eta Egunsentiko Arrosarioaren aurreko orduetan indartu egingo da garbiketa, baina baita azoka arabiarrean, aurkezpen-paseoan, musika-ekitaldietan, azoka eremuan, blusa eta nesken ibilaldien ostean, eta txosnen eremuan ere. Azken horretan, gainera, garbiketa sakona egiteaz gain, biohondakinak, beira eta papera eta kartoia gaika bilduko dira.

Gainera, Andre Mari Zuriaren Plaza txupinazoa amaitu eta udal-segizioa bezperetara joan aurretik garbitzeko, langile eta makina gehiago jartzea aurreikusten da. Taldea 70 langilek baino gehiagok osatuko dute eta orgak, Bobcat makina bat (hondeatzaile txikia) eta jasotzeko eta ura botatzeko hainbat makina izango dituzte erabilgarri.