Síguenos en redes sociales:

Abian dira Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen egoitza berria eraikitzeko lanak

Azpiegitura berriak Medikuntza, Erizaintza eta Fisioterapia ikasketak hartuko ditu, eta 2026-2027 ikasturterako jardunean egongo da

Abian dira Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen egoitza berria eraikitzeko lanakUtzita

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eva Ferreira errektoreak parte hartu dute berriki Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen alboko orubean Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren lehen harria jartzeko egin den ekitaldian. Bertan egon dira ere Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Joseba Pineda fakultateko dekanoa.

Ekitaldian hitza harturik, Iñigo Urkullu lehendakariak hizpide izan du azpiegitura berri horrek Euskadin osasunaren eta ikerketaren alorretarako dakarren “aurrerapauso erabakigarria”, baita proiektuak oinarrian duen erakundeen arteko lankidetza sendoa ere. "Bilboko Udalak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak osasun publikoaren eta kalitate goreneko euskal unibertsitate publikoaren aldeko apustu garbian jarraitzen dugu. Abangoardiako ikerketaren aldeko apustuan ere bai, eraikin berri honetan leku nabarmena izango baitu ikerketak. Argi daukagu: herri honek onena nahi du, eta aurkezten ari garena bezalako inbertsioekin erakusten du. Gaur beste harri bat jarriko dugu elkarrekin eraiki nahi dugun bide honetan, herritarrentzat zerbitzu publikorik onenak aurkitu nahi ditugun bidean”. Lehendakariak "Osasun Zientzietako unibertsitate-prestakuntzarako eta ikerketarako abangoardiako azpiegitura" gisa definitu du eraikin berria eta, nabarmendu duenez, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko eskaintza akademikoa eta plazen eskaintza handituko ditu.

“Gaur, poza eta esker ona adierazi beharra dugu -esan du Eva Ferreira errektoreak bere hitzaldian-: "poza, azpiegitura berri honekin gure Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen irakaskuntza eta ikerketa jarduera indartzen dugulako, eta esker ona, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dugulako, Hezkuntza Sailaren bitartez, bai arlo akademikoan, bai finantziazioaren arloan, eta Bilboko Udalaren laguntza ere izan dugulako.” Errektoreak nabarmendu du, halaber, unibertsitateko hainbat atalek ere ahalegin handia egin dutela proiektua bultzatzeko: “Obra handiak beti talde lanaren fruitu izaten dira. Helburu partekatuetatik sortzen dira, baita ahalegin eta lan partekatutik ere. Proiektu hau gure aurretik egon diren errektoretza taldeen ahaleginaren emaitza da, baita fakultateko bertako dekanotza taldearena ere. Bestalde, garrantzitsua da azpimarratzea azpiegitura berri honekin osasunaren eta teknologiaren arteko sinergiak indartzen ditugula, eta ikusgarritasun handiagoa ematen diogula gure unibertsitate publikoak Bilbon duen goi-mailako prestakuntzaren lidergoari.”

Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen esanetan, ekitaldi sinboliko honekin, UPV/EHUk, “munduan dauden 25.000 unibertsitate baino gehiagoren arteko 400 unibertsitaterik onenetakoa izanik, XXI. mendearen hasierako mugarri nagusietakotzat idatziko du gaurko eguna. Berriro ere, erakundeen arteko lankidetzari esker, errealitate bihurtu ahal izan da maila goreneko eta nazioarteko erreferentziazko jarduera akademiko eta ikerketaren eremua izango den proiektu hau. ‘Bilbo, unibertsitate hiria’ proiektua sendotzeko beste urrats bat”. Era berean, alkateak gogoratu du, duela 87 urte, “Agirre Lehendakariaren lehen Jaurlaritzak Medikuntza Fakultatea sortu zuela gure ondoan dugun Basurtuko Ospitale honetan, Euskal Unibertsitatea abian jartzeko asmoz. Gerrak bertan behera utzi zuen betiko, garairik latzenetan elkartasunaren, gizatasunaren eta etorkizunarekiko esperantzaren eredu bihurtu zen Agirre Lehendakariaren ametsa, baina gaurko ekitaldiarekin, zirkulua itxi eta hiri-garapena zein giza-garapena aldarrikatzen ditugu txapon beraren aurki eta ifrentzutzat”.

Bestalde, Joseba Pineda fakultateko dekanoak adierazi duenez, "mugarri honek Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean izan diren dekano taldeek luzaroan sentitu duten premia konpontzen du: Bilbora eta haren ingurune klinikora hurbiltzea gure ikastegia, eta harekin batera gure irakaskuntza eta ikerketa. Oso pozik gaude, baita gogotsu ere, azkenean eskari horri erantzun egin zaiolako. Eskari hori, gainera, fakultate osoarena ez ezik, osasun arloarena ere bazen eta, esatera ausartuko naiz, euskal gizarte osoarena. Zalantzarik gabe, azpiegitura berri honek osasunaren arloko profesional hobeak prestatzeko eta ikerketa hobea egiteko aukera emango digu”.