Zenbat diru gastatzen da batez beste familia bat Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan? Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egindako azken txostenaren arabera, etxebizitza bakoitzeko batez besteko gastua 35.445 eurokoa izan zen iaz. Aurreko urtean baino % 7,3 gehiago.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, gastu-taldeen arabera, etxeko batez besteko gastuen bilakaera goranzkoa izan da 12 taldeetako 10etan. Jatetxe eta hoteletako etxeko batez besteko gastua izan da 2022an gehien hazi dena, % 32,9ko hazkuntza izan baitu, 2021arekin alderatuta; hala, etxeko batez besteko gastua 3.942 eurokoa izan da urtean, funtsean Jatetxe eta Jantokietako gastuaren ondorioz; hari talde horren gastuaren % 85,6 dagokio eta gastuaren % 14,4, Ostatu-zerbitzuari.
Gastuaren egiturari dagokionez, Etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta beste erregai batzuk taldeko gastuak jarraitzen du Euskal AEko etxeek egiten duten gastu altuena izaten; izan ere, gastuen % 35,0 talde horri dagokio, alegia, 12.411 euro urtean etxeko, 2022an. Faktura energetikoan 2022an etxean eginiko batez besteko gastuaren igoera nabarmentzen da; izan ere, elektrizitatearen gastuak % 10,1 egin du gora 2021aren aldean, eta gasarenak, % 23,0. Hala ere, etxeetako gastuaren aurrekontuaren gainean duen pisua ehuneko 1,8 puntu jaitsi da, 2021aren aldean, eta 3,4, hurrenez hurren, 2020aren aldean, baina 2019an izan zen % 34ren gainetik dago.
Elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak taldeko gastua 2021ean zuen pisua baino bi hamarren txikiagoa baino ez da; % 15,5ekoa izan da 2022an. Bi talde horien artean, etxeko batez besteko aurrekontuaren erdia batu dute (% 50,5); 2021ean % 52,5 izan zen. 2019an baino altuagoa izan da, orduan % 47,7koa izan baitzen.