Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak hasiera eman dio aste honetan Donostian Pluriliteracies Teaching for Deeper Learning programaren baitako azken jardunaldiari (Ikaskuntza sakonagorako alfabetatze anitzeko irakaskuntza). Hezkuntza Sailak Edinburgoko Unibertsitatearekin lankidetzan bultzatzen duen programa honen lehen edizioa 2022-2023 ikasturtean egin da, eta ingelesa edo beste ikasgairen bat hizkuntza horretan ematen duten irakasleei zuzenduta dago. Programaren helburua da irakasle horiei alfabetizazio anitzei buruz berariazko prestakuntza ematea, hizkuntzen eta beste arlo batzuen irakaskuntza eta ikaskuntza-prozesuak hobetzeko, ingelesez.
Programa honek duen “alderdi praktikoa” nabarmendu zuen, “izan ere, parte hartu duten irakasleak ikertzaile bihurtu dira. Irakasleak ikasgelan oinarritutako ikerketak egiten inplikatu dira, ekintza-ikerketa deritzona. Horixe da sustatu nahi dugun paradigma eta egiteko modua”. Horren emaitza, gaineratu zuenez, “gure irakasle parte-hartzaileen eta Edinburgoko Unibertsitateko ikertzaileen artean idatzitako ikerketak eta kasuen azterketak eskuratuko ditugu”.
Horrez gai, sailburuordeak nabarmendu zuenez, “programak beste herrialde batzuetako irakasleekin saretzeko aukera ere eskainiko digu, horrek suposatzen duen aberastasunarekin: nazioarte mailan dauden beste praktika esanguratsuak ezagutzea eta gure eredu propioa nazioartean zabaltzea. Ikasteko aukera paregabea”, azaldu zuen.
Pedrosa sailburuordearekin batera, Edinburgoko Unibertsitako Do Coyle irakasleak hartu zuen parte, hizkuntzen irakaskuntzan eta ikasgelako ikaskuntzako aditu ezaguna, Dario Benegas doktore eta irakaslearekin batera (hau ere Edinburgoko Unibertsitatekoa). Halaber, goizean zehar, 2022-2023 ikasturtean zehar Multiliteracies programan parte hartu zuten ikastetxe publikoetako irakasleek burututako azterketen eta jardunbide egokien hainbat kasu azaldu ziren.