Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak gaur aurkeztu du Udako Irteera-Itzulera Operazio Berezia Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan, eta aurten Euskaditik irtengo den Frantziako Tourrarekin batera izango da. 

Egun hauetako operatibo tradizionalari aurten uztailaren 1etik 3ra bitartean egingo den Grand Départ Pays Basque 2023 dela-eta euskal erakundeek planifikatu duten segurtasun integralerako operatiboa batuko zaio. Bestalde, Bilbok, Gasteizek, Donostiak eta Zornotzak plan espezifikoak dituzte Tourraren etapetako batzuen irteera-helmugak hartuko dituztenez. Horren ondorioz, Euskadiko 108 udalerritako trafikoan eragin handiak izango dira (Bizkaiko hiriburuan ekainaren 28tik hasita), eta Díaz de Corcuerak herritarrei eskatu die, beraz, bidaiak behar besteko aurrerapenez planifikatzeko. Murrizketek aireportuetako sarreretan (batez ere Loiukoan eta Hondarribikoan), garraio publikoaren ibilbidean eta geralekuetan eta lantokietako sarrera-irteeretan ere izango dute eragina.

Oso garrantzitsua da Tourraren rutometro ofizialak kontsultatzea (www.letour.euskadi.eus), bertan baitaude zehaztuta trafikoko eten eta eragin guztiak. Informazio horrek aldaketatxoak izan ditzake, eta funtsezkoa da, beraz, egun horietan begiratzea. Gainera, murrizketa guztiak Waze aplikaziora igoko dira, eta ordezko ibilbideak eskainiko ditu. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak errepideen egoerari buruzko informazioa areagotuko du, bai egun horietan bai uda osoan, mezu aldakorreko panelen,  www.trafikoa.euskadi.eus web-orriaren, TrafikoaEJGV aplikazioaren, @trafikoaEJGV Twitter kontuaren eta 011 telefono-zenbakiaren (24 orduz erabilgarri dagoena) bidez.

Itsasarteko Operazioak eragiten duen nazioarteko trafikoak aurten ere Euskadi zeharkatuko du Portugalerako eta Afrika Iparralderako bidean. Uste da guztira 1.950.000 ibilgailuk zeharkatuko dutela Euskadiko errepide-sarea nazioarteko joan-etorrietan. Hori dela eta, AP-1eko irteera (Etxabarri Ibiñan) eta N-622 errepidea (Gasteizerako noranzkoan) lotzea errazteko eta Gasteizen N-622 eta A-1 Burgos/Madrilerako noranzkoan lortzeko egin ohi diren seinalizazio-operazio bereziak gauzatuko dira.

Barruko trafikoari dagokionez, eta eguraldiak laguntzen badu, iazko udan baino joan-etorri gehixeago espero dira; iaz 38.700.000 joan-etorri egin ziren.

Ohikoa den moduan, arreta berezia jarriko da opor garaian kritikoak izan ohi diren puntuetan: A-8an, Kantabriarako noranzkoan; AP-8an, muga inguruan; Armiñongo lotunean eta AP1 eta N-622 arteko lotunean, Gasteizerako noranzkoan; eta N-622 eta A-1 arteko lotunean, Burgoserako noranzkoan.