UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, zenbait esperimenturen bidez frogatu dute produktuen prezioan karbono-tasa agerian jartzeak eta karbonoaren gaineko zerga bat ordaintzen ari dela jakiteak kontsumitzaileen lizentzia morala aktibatzen duela eta gehiago kontsumitzeko joera erakusten dutela.

Klima-aldaketari aurre egiteko, merkatuan oinarritutako politika garrantzitsutzat jotzen da karbono- kontsumo intentsiboa duten ondasunen eta zerbitzuen prezioa igotzea, karbono-emisioen gaineko zerga baten bidez.

Zerga horren ondorioz, “ekoizleak diru-kopuru finko bat ordaindu beharko luke atmosferara isurtzen duen CO 2 -kilogramo bakoitzagatik. Hala, produktu kutsagarrien ekoizpen-kostuak garestituko lirateke, produktuen prezioak igo eta eskaera jaitsi”, azaldu du Aitor Marcos UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikertzaileak.

Zenbait esperimentu egin dituzte AEBn kontsumo handiko bost produkturekin: kirol-oinetako batzuk, hanburgesa bat, telebista bat, mugikor bat, mikrouhin-labe bat. “Ez dira oso produktu kutsagarriak, baina ekoizpen-prozesu energetikoki intentsiboa dute, eta haien kontsumo absolutua oso handia da gaur egun”.

Erosle-talde bati karbonoaren gaineko zerga prezioaren etiketan agerian zeukatela eskaini zizkioten produktuak, eta beste talde bati zerga ezkutuan zeukatela; prezioa berbera zen bi kasuetan. Ikerketan frogatu dute “karbonoaren gaineko zerga bat edo karbono-tasa ordaintzen ari direla jakiteak kontsumitzaileen lizentzia moralak aktibatzen dituela, eta produktu horien eskaera txikitu beharrean areagotu ere egiten dela”.

Oso jarrera paradoxikoa dela adierazi du ikertzaileak: “Zerga ordaintzea positibotzat jo daitekeenez, kontsumitzaileek moralki justifika dezakete produktu kutsagarriak erostea. Alegia, kontsumitzaileek produktu kutsagarriak erosten jarraituko dute, uste dutelako zerga ordaintzeak kutsatzeko baimen morala ematen diela”.

itor Marcosek azaldu duenez, “ikusi genuen parte-hartzaileen erosteko asmoa sistematikoki handiagoa zela karbonoaren gaineko zerga agerian zegoenean. Talde horretako kontsumitzaileek zuten produktua erosteko asmo handiagoa; beren buruarekiko irudi moral positiboagoa zeukaten, eta horrek lizentzia moralaren hipotesia berresten du”.

Halaber, hauteman dute karbonoaren gaineko zergek eragin handiagoa izan dutela klima-aldaketarekin kezkatuta dauden eta kontserbadore ez diren pertsonengan; izan ere, “pertsona horietan handitu zen gehiago karbono-tasa ordaintzeak piztutako autokontzeptu morala. Ez zuten karbono-tasa ondo interpretatzen, eta horra hor paradoxa, pertsona horiek baitira karbono-tasa aplikatzeko orduan gardentasun handiagoa eskatzen dutenak”, ondorioztatu zuen profesionalak