Nerea Melgosa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Kultura, Komunikazioa eta Garapeneko 14. Topaketaren irekian parte hartu du, gaur, erakundeetako ordezkaritza handi batekin batera. Topaketa UPV/EHUren udako ikastaroen barruan dago, eta KCD GGKEk antolatzen du. Bi egunez, Kuba, Senegal, Kolonbia, Mexiko eta Euskadiko emakume adituek ondare historikoa berreskuratzeko egindako esperientziei buruz hitz egingo dute, genero ikuspegia duen jasangarritasun sozial eta ekonomikoari begira.

“Arlo honetan eta guztietan, berdintasuna zeharka landu behar da, genero ikuspegia txertatuz; hau da, emakumeen eta gizonen bizibehar eta baldintza desberdinak kontuan hartuta”, hasi da sailburua. Gainera, nabarmendu du honelako topaketei esker lantzen dela, “lurraldeen arteko berdintasuna”, hegoko emakumeen parte hartzeari dagokionez, eta “gizon eta emakumeen arteko berdintasuna”.

Urtero egiten den topaketa eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak laguntzen du, eta Iparreko eta Hegoko esperientziak trukatzea errazten du, herrialde pobretuei buruzko gizarte iruditeriak aldatzeko. Ildo horretan, Nerea Melgosak azpimarratu du “garrantzitsua da Hegoko herrialdeetatik ikastea, beren esperientziatik, aurreiritzi askori aurre eginez, Ipar/Hego dikotomia hautsiz”, eta gogorarazi du lurralde horiek ezinbestekoak direla Garapen Jasangarrien 2030 Agendaren helburuak lortzeko.

Jardunaldiak jarraitu du bakarrizketa batekin, eta, ondoren, Emakundeko zuzendaria den Miren Elgarrestaren hitzaldiarekin. Zuzendariak politika publikoetan dagoen genero zeharkakotasunaz eta politika horietan berdintasun egitura egonkorrak izateko beharraz hitz egin du.

Emakumeek egindako zinema

Gaur arratsaldetik aurrera eta maiatzaren 26ra arte, Bilboko Golem zinemetan, hainbat herrialdetako emakume zinemagileek beren ikus-entzunezko lanak erakutsiko dituzte. Emakumeek egindako zinema 12. Karabana KCD eta Klaketa árabe erakundeek antolatzen dute eta eLankidetzak babesten du.

Guztira, bi dokumental eta fikziozko lau film ikusi ahal izango da, eta filmetako zenbait zuzendarik eta ekoizlek parte hartuko dute.