Ertzainek 24 eta 37 urteko bi gizon atxilotu dituzte, batez ere, antza denez, droga-trafikoan aritzen zen Erandioko taberna batean esku hartu ondoren. Ikerketaren ondorioz, jakin ahal izan dute bezero gehienak substantziak erostera sartzen zirela lokalera, nagusiki kokaina eta haxixa, eta minutu batzuk bakarrik egiten zituztela barruan.

Atxiloketak Ertzaintzak substantzia sorgorgarrien kontsumoaren eta salmentaren aurka egindako prebentzio-lanaren emaitza dira; kasu honetan Erandioko Astrabudua auzoko taberna batean egin zuten jarduketa. Joan den apirilean hasi zuten polizia-ikerketan egiaztatu zuten establezimenduaren ardura bi pertsonak zutela, eta horietako batek zerbitzari-lanak egiten zituela eta bestea barruko gela batean egoten zela, handik ia atera ere egin gabe. Ikastetxe baten inguruan dagoen tabernara sartzen ziren pertsona gehienek minutu batzuk baino ez zituzten egiten barruan. Horietako batzuk denbora labur batez ibilgailua inguruan gaizki aparkatuta utzita sartzen ziren.

Atzo, asteazkena, abian jarri zuten polizia-dispositiboan egiaztatu zuten lokalean sartu ziren eta, irtetean, kalean geldiarazi zituzten hainbat pertsonak zerbitzariari erositako haxixa eta kokaina zeramatzatela. Ebidentzia horien aurrean, agenteak establezimenduan sartu ziren, eta une horretan barran zegoen gizona oihuka hasi zen. Barratik sukaldera sartzen zen, eta bertan barrutik itxita zegoen eta leihatila moduan zulo bat zuen ate batetik beste gela batera sartzen zen. Barruan zegoen bigarren gizonak ez zien jaramonik egin atea zabaltzeko emandako aginduei. Atea behartuta sartu ondoren, agenteek egiaztatu zuten pertsona hori komunean zegoela eta komunontziko ura husteko gailua aktibatu zuela. Barruan doitasun-balantza bat aurkitu zuten, eta agenteen susmoa izan zen hodietatik droga ere bota zuela.

Gero, Ertzaintzako Txakur Unitatearen laguntzaz, mila eurotik gora aurkitu zituzten, kopuru ezberdinetako billetetan banatuta, apal batean zegoen liburu baten orrien artean. Gainera, droga-trafikoagatik atxilotu zituzten bi gizonei diru gehiago aurkitu zieten euren gauzen artean.

Tabernan bi bezero zeuden, eta horietako batek aitortu zuen jada kontsumitu zuela zerbitzariari erositako kokaina, bestea, aldiz, haxixa noiz emango zain zegoen, eta ordainduta zuen.

Bigarren polizia-jarduketa taberna berean droga-trafikoagatik

Establezimenduan egindako miaketan oinarrituta, uste da zerbitzariak hartzen zituela bezeroak droga saltzeko, eta droga hori beste atxilotuak atean egindako zulotik ematen ziola; atea sarrailak itxita egoten zen. Gela horretara sartzeko bigarren ate bat ere giltzaz itxita zegoen, eta pisu handiko gimnasioko makina batek trangatuta.

Tabernan agerikoa zen higiene falta, eta zakarrontzi ugari zeuden hustu gabe, lokala ustez droga saltzeko erabiltzen zutela agerian jarriz.

Iazko ekainean, Ertzaintzak drogen aurkako operatibo bat egin zuen establezimendu berean, eta beste bi pertsona atxilotu zituen antzeko egoeran.

Atzo polizia-eginbideak amaitu ondoren, taberna zigilatuta geratu zen. Gainera, Erandioko Udalarekin koordinatu da lokalean osasun-ikuskapena egitea. Bi arrastatuak agintari judizialaren aurrera eramango dituzte.