In fraganti harrapatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur jakinarazi duenez, gazte bati hainbat material lapurtzea leporatu diote.
Hala, Ertzaintzak 26 urteko gazte bat atxilotu du Gasteizen, Askartzan, gidabaimena eskuratzeko trafikoko maniobrak egiteko erabiltzen diren instalazioetan lapurretan ari zenean. Atxilotuak hesiaren gainetik jauzi egin du barrutian sartzeko, eta hainbat gelatako ateak behartu ditu.
Gaur, astelehena, goizaldeko lauak aldera, "Arabako hiriburuaren inguruan herritarrak babesteko lanetan ari zen patruila batek gizon bat ikusi du Askartzan gidabaimenak eskuratzeko probetarako ibilgailuekin maniobrak egiteko gaituta dagoen barrutiaren perimetroko hesiaren ondoan makurtuta. Gizonak jaka batzuk, motozikletetako hiru segurtasun-kasko eta eskularruak zituen aldamenean", azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak.
Horrela, Segurtasun sailetik gaineratu dutenez, polizia-dotazioak instalazioak miatu dituenean, egiaztatu du autoeskoletako hainbat gela behartuta eta hankaz gora zeudela, eta susmagarriaren ondoan aurkitutako objektuen antzekoak zeudela. Gizonak linterna bat zeraman arropa artean, eta bere ibilgailuan, beste gauza batzuen artean, beste kasko bat, motorreko jaka bat, bi walkie-talkie eta hainbat erreminta zeuden.
Dirudienez, gizona perimetroko hesiaren gainetik jauzi eginda sartu da instalazioetan, eta aipatutako materiala hartu du.
Ebidentzia horien aurrean, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu dute.
Atxilotua Epaitegian aurkeztu dute.