Ertzaintzak, Euskadiko udaltzaingoekin lankidetzan, auto-gidariek eta bidaiariek segurtasun-uhala erabiltzen duten eta haurrak eusteko sistemak (HES) erabiltzen diren zaintzeko kanpaina burutuko dute apirilaren 25etik maiatzaren 1era bitartean.
"Segurtasun-uhala funtsezko segurtasun-sistema pasiboa da, eta eserleku guztietan erabili behar da eta behar bezala lotuta eraman behar da. Ezin da uhalaren funtzionamendua aldatuko edo blokeatuko duen pintzarik edo sistemarik erabili. Gidariak uhala aska dezake aparkatzeko edo atzera-martxa egiteko, eta ez du lotu beharrik uhala erabiltzetik salbuesten duen mediku-ziurtagiri bat edo desgaitasun bat badu. Horrez gainera, uhala lotu gabe gidatu dezakete, herri barruan zirkulatzen ari direnean bakarrik, hainbat sektoretako profesionalek: taxilariek, salgaien banatzaileek (distantzia laburreko zamalanetan) eta larrialdi-zerbitzuetako eta autoeskoletako (eskola praktikoak ematen ari direnean) gidariek", azaldu dute Ertzaintzatik.
Bestalde, adingabeek beti atzeko eserlekuetan bidaiatuko dute behar bezala homologatutako HESk erabiliz. Salbuespenak izango dira ibilgailuak atzeko eserlekurik ez izatea edo eserleku horiek baldintza berberetan joan behar duten beste adingabe batzuek okupatuta egotea edo eserleku horietan HES guztiak instalatzerik ez izatea. Egoera horietan, salbuespenez, aurreko eserlekuan joan ahal izango dira, eta beti euren pisura eta altuerara egokitutako sistemen bidez eutsita.
Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak adierazi du: “Gidariaren ardura izango da haur batek haurrak eusteko sistema erabiliz bidaiatzea, eta hala egin ezean dagozkion puntuak kenduko zaizkio. Behin eta berriz gogoratu behar dugu errepidean ibiltzen garen guztion ardura dela Euskadiko errepide-sarea leku seguruagoa izatea”.
Segurtasun-uhala lotu gabe eta haurrak eusteko sistema egokiak erabili gabe bidaiatzea arau-hauste larriak dira, eta arau-hauste horiengatik 200 euroko isunak jar daitezke eta gidabaimeneko 4 puntu ken daitezke gidariaren kasuan.
Kanpaina hau trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urterako programatu diren 45 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.