Ibilgailu bateko gidaria hil egin da gaur, astelehena, goizaldean, BI-636 errepidean, Bilbo parean, izandako zirkulazio-istripu batean. Emakume bat zauritu da eta ospitalera eraman dute. Errepidea zabalik dago jada.

Goizaldeko ordu biak aldera, Kadaguako korridoretik (BI-636) zihoan auto batek kontrola galdu eta irauli egin da Bilboko udalerrian. Ezbeharraren ondorioz, ibilgailuaren gidaria hil egin da, medikuek baieztatu dutenez. Laguntzailea, emakume bat, Basurtuko Ospitalera eraman behar izan dute.

Errepidea itxita egon da bi noranzkoetan, biktimaren gorpua Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman eta autoa kendu arte. "Ertzaintzak zonaldeko trafikoa arautu du, eta zorigaiztoko istripu hori argitzeko ikerketa hasi du", azaldu dute Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailetik.

Bestalde, Ertzaintzako agenteek 34 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, igandea, arratsaldeko azken orduan, Bilbon, emakume bati heriotza-mehatxua egin eta, ondoren, arma zuriz hornitutako merkataritza-establezimendu batean gotortu ondoren. Horrekin batera, patruilak mehatxatu zituen behin eta berriz.

Atzo, arratsaldeko sei eta erdiak inguruan, "emakume batek Ertzaintzaren presentzia eskatu zuen Bilboko Santutxu auzoan; izan ere, adierazi zuenez, gizon bat segika eta heriotza-mehatxuak egiten ari zitzaion. Inguruan zaintza-lanak egiten ari zen polizia-talde bat berehala bertaratu zen, eta, iritsi zenean, susmagarria lanean ari omen zen inguruko merkataritza-establezimendu batean sartu zen", azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik. Patruilak barrutik mehatxatu zituen soinean zeramatzan arma zuriekin, eta ez zien jaramonik egin emten zizkioten argibideei objektuak kalera jaurtitzen zituen bitartean.

Egoera horren aurrean, Ertzaintzaren negoziazio-talde bat mobilizatu behar izan zuten, eta, azkenean, bederatziak inguruan, Ertzaintzak bere jarrera bertan behera uztea eta kanpora ateratzea lortu zuen. Jarraian, atxilotu egin zuten, emakume salatzaileari mehatxu egitea eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua egotzita. "Gotortuta egon zen lokalaren barruan bi labana, erradial bat, metalezko punta zuen makila bat, zizaila bat, beisboleko bate bat, aihotz bat eta zerrote bat konfiskatu zituzten".