Maider Leturiaga Angoitia, 30 urtekoa, Gasteizen jaioa baina Zarautzen bizi dena, da San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren 2023ko Arabako Jaiak iragartzeko lehiaketa irabazi duen kartelaren egilea.

Halaxe iragarri du gaur Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak, eta adierazi duenez "lehiaketa arrakastatsua izan da lehiaketa ereduagatik, parte hartzaile kopuruagatik eta lan finalisten kalitateagatik. Aurtengoa, berriz ere berezia izango da, eta jaiak % 200ean ospatu ahal izango ditugu, murrizketarik gabe".

Aurtengo lehiaketa fase bakar batean egin da. Guztira 21 pertsona aurkeztu dira (15 gizon eta 6 emakume), eta zuzenean aurkeztu dituzte behin betiko proposamenak. Horietatik guztietatik, epaimahaiak 3 finalista aukeratu ditu modalitate orokorrean eta bat Gazte modalitatean. Modalitate hori aurten berria da, diseinuarekin eta/edo artearekin zerikusia duten ikasketak egin dituzten 25 urtetik beherako pertsonentzat, diseinatzaile gazteenak lehiaketetara aurkeztera animatzeko.

Modalitate orokorrean edonork parte har dezake; beraz, Gazte kategoriakoak ere kategoria orokorrean sar daitezke eta, beraz, irabazle saria lortu dezakete. Gazte lehiaketaren lehen edizio honetan, 23 urteko Paula Páez Carasa arabarra izan da irabazlea, Santuaren merienda izeneko kartelarekin eta finalista geratu da.

Beste bi finalistak, Páez eta Leturiagarekin batera, Jaume Gubianas Escude (Bartzelona, 56 urte) eta Sergio Iborra Colomer (Valentzia, 48 urte) izan dira. Guztiek 250 euro jasoko dituzte egindako lanagatik. Gainera, irabazleak, Leturiagak, 1.000 euro gehiago jasoko ditu eta bere lana 2023ko Arabako jaiak iragartzeko kartel bihurtuko da.