Europa Jauregian egindako jaiak eman zion atzo arratsaldean amaiera Hiretu Hiria 2023 programari. Herritarren partaidetza eta hezkuntza oinarri dituen programa horretan 600 lagunek baino gehiagok hartu dute parte. Aurtengoa izan da Gasteizko gazte gehienek ekimenarekin bat egin duten edizioa eta lehen aldiz egingo dugu amaierako jaia Europa Jauregia bezain kokapen handian.
Hiretu Hiria 14 eta 18 urte arteko gazteei zuzendutako hezkuntza-programa da eta horren helburua da kolektibo horren partaidetza modu praktikoan eta aktiboan sustatzea. Parte hartu duten ikasle taldeek kezka eragiten dieten gai bat aukeratu, adituekin egindako hitzaldien bidez horri buruzko informazioa eskuratu eta jarduera bat diseinatzen dute.
Ikasturte honetan, 638 lagunen lana jaso dute: Hiriko 8 ikastetxetako 33 ikasle-talderenak: Koldo Mitxelena, Corazonistas, Ikasbidea, Ekialde, Lakua, Miguel de Unamuno, El Carmen HHE eta Zabalgana. 638 gazte bildu dira guztira; 308 emakume eta 330 gizon. Programaren historia osoan, jende gehien bildu duen edizioa izan da eta datu horrek agerian utzi du partaidetzaren arloa gazteekin gehiago eta hobeto landu beharra dagoela.
Talde bakoitzak kezka eragiten dion gai bat hautatu du: buru-osasuna, ingurumena, gizartearekin lotutako gaiak (arrazakeria, berdintasuna, boluntariotza, sare sozialak eta gazteentzako jarduerak) eta hiriarekin lotutako gaiak (espazio publikoa, segurtasuna eta mugikortasuna, adibidez). Aurtengo kezka errepikatuena buru-osasunarekin lotutakoa izan da. Hain zuzen ere, parte hartu duten 33 taldeetako 14k jorratu dute, Udaletik atzo ondorioztatu zutenez.