Mark Drakeford, Galesko lehen ministroa, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleekin bildu zen joan den ostegun arratsaldean Bizkaia Aretoan. Ekitaldian, besteak beste, Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ere hartu zuten parte.
Drakeford-ek asteon Euskadira egin duen bi eguneko bisitaren barruan, Euskal Herriko Unibertsitatera gerturatu zen eta ikastegi ezberdinetako 35 ikaslerekin bildu zen. Bileran Galesko Gobernuaren nazioartekotze mugikortasun programaren berri eman zien eta ondoren ikasleekin solasean aritu ziren. Graduko ikasketa ezberdinak egiten ari diren ikasleek hainbat gairen inguruko galderak egin zizkioten lehen ministroari: mugikortasun programaren zehaztasunak; lan eskaintza eta baldintzak; Brexit-a; energia berriztagarrien alorrean gobernu galestarrak duen estrategia; zerga turistikoa eta abar.
Bestalde, Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak eta Mitsuo Ochi Japoniako Hiroshima University-ko presidenteak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu zuten martxoaren 29an Bilbon izan zen ekitaldi batean. Bost urteko iraupena izango duen hitzarmenak bi unibertsitateen arteko mugikortasun programak eta ikerketa proiektuak sustatzea du helburu, Euskal Herriko Unibertsitatetik (UPV/EHU) azaldu dutenez.
Azkenik, EHUri dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak eta Grupo Campezo-k lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu dute UPV/EHU-Grupo Campezo Eraikuntzako Berrikuntza Gela abian jartzeko. Xabier Ostolaza eskolako zuzendariak eta José Mª Muñoz erakunde horretako gerenteak sinatu dute akordioa unibertsitate-zentroan. Grupo Campezo-k obra zibileko eta eraikuntzako, zoruetako eta zoladurako, teknologiako eta kontserbazio integraleko, azpiegituren kudeaketako, ingurumeneko, fatxaden eta eraikinen birgaikuntzako eta ondarea zaharberritzeko lan egiten du batez ere. CAMPEZO, ASFALTIA eta TEUSA enpresek osatzen dute taldea, besteak beste.