Izaera pribatu eta publikoko hogeita hamar erakunde eta enpresek bilera egin dute ostegun honetan, martxoaren 30ean, Arabako Parke Teknologikoan, Euskadiko lehen robotika eta automatizazio hub formala eratzeko: Robotekin. Hala, estatutuak onartu dira, Gobernu Organoko kideak izendatu dira eta Lehendakaritza hautatu da. “Lehiakortasunerako tresna berri eta estrategiko hau Arabako eta Euskadiko enpresa-sareari irtenbide sortzaile eta bakarrak emateko heldu da”, aditzera eman du Emilio Titosek.

`Robotikaren eta Automatizazioaren Euskal Elkartea - ROBOTEKIN, robotikako eta automatizazioko euskal ekosistemari dagozkion ekimen guztiak sustatzeko erabiliko den izen ofiziala da. Emilio Titosekin batera Gobernu Organoko kide hauek daude: Victor Mayoral (Acceleration Robotics) lehendakariorde gisa, eta David Montero (BIC Araba) idazkari eta diruzain gisa.

Elkartearen lehen inflexio-puntua otsailaren 2an izan zen, Robotikaren eta Automatizazioaren alderdiari lotutako lurraldeko enpresen eta sektoreen lagin zabal eta askotarikoaren arteko topaketarekin. Topaketa horretan, bertaratutakoek aipatutako Elkartea osatzeko interesa eta inplikazioa haztatu zuten. Erantzuna ezin positiboagoa eta itxaropentsuagoa izan da. “Zalantzarik gabe, erakunde fundatzaileak dira Robotekinek izan dezaketen abalik onena Araba eta Euskadi talentuaren, inbertsioaren eta kalitatezko enpleguaren helmuga traktore gisa kokatzeko, eta gure ehun ekonomikoaren lehiakortasuna bultzatuko duena. Gure Lurraldea Estatuko industrializatuena da, eta bere pisu handiak isla zuzena du bizi dugun egonkortasun ekonomiko eta laboralean, garapen ekonomiko berritzaile baten buru izateko egoera ezin hobea baita”, adierazi du Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusiak.