Aldundia Arabako enpresa sarearekin egiten ari den hausnarketa prozesutik ateratako ondorioetako batzuk aurkeztu ditu Josean Galera foru diputatuak jardunaldi batean, lurraldeko enpresen ordezkarien aurrean.

Hala, horrez gain, diputatuak nabarmendu egin ditu enpresek prozesu horri ekiteko eta hura sendotzeko eta lehiakortasunari eutsi ahal izateko egun dituzten oztopoak gainditzeko beharrezkoak izango diren laguntza mekanismoak.Vidrala, Pepsico edo Michelin enpresak, besteak beste, deskarbonizaziora bideratutako jarduerak ezartzen hasi dira, eta haien esperientzia partekatu dute. Topaketa horretan, Josean Galerak aurreratu du apirilean metodologia orokor bat aurkeztuko dutela, erakundeak deskarbonizatzeko funtsezko hiru elementu proposatzen dituena. "Elementu horiek lehengaiekin, prozesuekin eta azken produktu edo zerbitzuarekin daude lotuta. Karbono emisio gutxiko ekonomia sustatzeko ezinbestekoak diren hiru etapak edo hiru ikuspegiak dira", azaldu du. Foru diputatuaren ustez, "sare sozioekonomikoaren deskarbonizazioa da gaur egun eta datozen urteetan lurralde gisa aurre egin behar diogun aldaketarik funtsezkoena. Erronka garrantzitsu bat dugu, eta ekintza proposamenarekin urratsak egiten ditugu eta aurrera egiten dugu norabide horretan", gaineratu du. "Deskarbonizaziorako planak eta neurriak abian jartzea enpresek epe laburrean erdietsi beharko duten mugarri bat da; izan ere, gero eta presio handiagoa eragiten dute klima aldaketaren arloko legeriak eta araudiak, finantza sistemak eta balio eta hornidura kateen dinamikak", ondorioztatu du.