2021/22 ikasturtean, 407.941 pertsona Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuetan matrikulatu dira, aurreko ikasturtean baino % 1 gutxiago, Eustaten datuen arabera.

"Haur eta Lehen Hezkuntzako mailek 2.200 ikasle baino gehiago galdu ditu bakoitzak. Haur Hezkuntzaren kasuan, elkarren ondoko bederatzigarren ikasturtea da behera egiten; alegia, 2012/13 ikasturtetik, 20.000 matrikula baino gehiagoko beherakada metatua izan da", esan eta gaineratu dute txostenean: "Erdi- eta goi-mailako Lanbide Heziketako ikasleetan, berriz, elkarren segidako sei ikasturtetan hazkuntza izan da, eta lehen aldiz daude 40.000 ikasle baino gehiagoko erregistroak".

Ikasketei dagokionez batzuk aipatu dituzte txostenean eta haien egungo egoera. Ildo beretik, bat aipatzearren 2021/22 ikasturtean, Administrazio Publikoak 63,7 milioi euro bideratu ditu unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasketen beka eta laguntzetara, aurreko ikasturtean baino 12 milioi gehiago; alegia, % 23ko igoera egon da. 115.441 ikasle izan dira beka eta laguntza horien onuradun; zifra hori 2020/21 ikasturtekoaren oso antzekoa da. Era berean, bideratutako zenbatekoaren mailen araberako banaketak eta beken hartzaile diren ikasleenak ez dute aldaketa nabarmenik izan azken ikasturtearekin alderatuta. Beraz, guztizko partidaren hazkuntzak ikasle bekadun bakoitzak zenbateko handiagoa jasotzea ekarri du. Globalki, zenbatekoa, batez beste, 552 eurokoa izan da ikasleko, baina aldeak egon dira mailen artean. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza izan da per capita batez beste zenbateko txikiena izan duen maila, 290 euro, eta erdi-mailako Lanbide Heziketako ikasle bekadunek, batez beste, 1.000 euro baino gehiago.