Sormenaren Munduko Foroa-Creativity World Forum (CWF) egingo da aste honetan Euskal Autonomia Erkidegoan, Kultura eta sormen ekosistemak: gobernantza ereduak eta berrikuntza goiburupean, eta munduko bazter guztietako kultura eta sormen sektoreko profesionalak bilduko ditu.

Districts of Creativity Network sareak bi urtean behin antolatzen du ekitaldia, eta aurtengo edizioan, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, sektoreko ereduak eta azken joerak partekatzea eta kultura eragileen artean lan aukera eta harreman berriak sortzea ditu helburu.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik jakinarazi dutenez, foroaren egoitza nagusia Euskalduna Bilbao jauregia izango da, nahiz eta Donostiako Tabakaleran eta Gasteizko Artiumen ere egingo den. Astelehen honetatik asteazkenera, apirilaren 15etik 17ra, ehunka pertsonak hartuko dute parte hitzaldietan, lantalde tematikoetan, jardunbide egokien kasuen aurkezpenetan, eztabaidetan edo kulturari eta sormenari lotutako leku eta espazioetarako bisita gidatuetan.

Topaketaren aurreko edizioa 2022an izan zen

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak emango diote hasiera ofiziala Sormenaren Munduko Foroari, 09:30ean, Euskalduna Bilbao jauregian.

Enpresa eta hezkuntza esparruetakoak, sormenari, berrikuntzari eta enpresa espirituari buruz eztabaidatzeko

Topaketaren aurreko edizioa 2022an izan zen, Baden-Württembergen (Alemania), eta oraingoan, Euskadi arduratuko da kultura eta sormen industrien sektoreko funtsezko ordezkariak hartzeaz, gobernu, enpresa eta hezkuntza esparruetakoak, sormenari, berrikuntzari eta enpresa espirituari buruz eztabaidatzeko.

Jaurlaritzaren arabera, ekitaldia euskal kultura eta sormen industrien agerikotasunaren arloan "mugarria" izatea aurreikusi da, "nazioartean duen lekua indartzen eta ahalmen berritzailea are neurri handiagoan garatzen lagunduko duena, mundu osoko funtsezko eragileekin sinergiak ezartzearen bidez".

Helburu desberdinak

Gizartean diziplina arteko sormena bultzatuko duten jardunbideak partekatu eta garatzeko eta, era horretan, berrikuntza eta oparotasuna sustatzeko helburua da Sormenaren Munduko Foroaren ezaugarri bereizgarria. Edonola ere, aurtengo edizioak "beste urrats bat" egin nahi du eta lanerako bide, harreman edo enpresa-proiektu berriak sortu nahi ditu Bilbon, Donostian eta Gasteizen bilduko diren eragileen artean, "Euskadi lankidetza lurralde gisa proiektatzeko".

Gizartean diziplina arteko sormena bultzatuko duten jardunbideak partekatu eta garatzeko

Horretarako, programa ofizialak agerian jarriko du eskualdeek betetzen duten zereginaren garrantzia, eta azken urteetan Euskadin garatu diren kultura eta sormen industrietara bideratutako politika aitzindarietan eta abiatutako Euskadiko Espezializazio Adimendunaren Estrategian (RIS3) oinarrituta egongo da. Hain zuzen, hortik dator foroaren goiburua: 'Kultura eta sormen ekosistemak: gobernantza ereduak eta berrikuntza'.