Empleo Gune Gasteizko Enplegu Foroa egingo da maiatzaren 9an Arabako hiriburuko Europa biltzar jauregian, eta 96 enpresa eta erakundek hartuko dute parte 712 enplegu aukera baino gehiago eskaintzeko.

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arabako campusak sustatu dute topaketa, eta enpresa egituraren eta gasteiztarren arteko topaketarako eta komunikaziorako gune gisa sendotu da jada.

Jardunaldiak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntza du, eta sektore ekonomikoetako enplegu pribatuko eta publikoko aukerak eta etorkizuneko erronkak aztertzea, Gasteizen hedatzeko bidean dauden enpresek behar dituzten profilak eta enplegu eskaintzak zabaltzea, eta gaitasunak hobetzera eta enplegua modu aktiboan bilatzen ari direnen informazioa zabaltzera bideratutako jarduerak eskaintzea dira bere helburuak.

Erakunde antolatzaileen ordezkariek iragarri dutenez, Empleo Gune 2024 ekimenean 96 enpresa eta erakundek hartuko dute parte; 64k interesdunei arreta emango diete erakusmahaietan, 26k webgunean eskaintzak argitaratuko dituzte eta bost enpresak eta erakunde batek mahai inguru batean hartuko dute parte.

Parte hartzaileek jardunaldian eskainiko diren 712 enplegu aukeretakoren bat eskuratu ahal izango dute. Horietako %37an unibertsitate titulazioa beharko da, %29an lanbide heziketakoa, %6an DBHko titulu, profesionaltasun ziurtagiri edo lehen mailako ikasketak, eta %28an ez da gutxieneko titulaziorik ezarri.

Eskatutako ezagutza arloei dagokienez, %24 ezagutza industrialekin edo STEAM gaitasunekin lotutako profesionalei zuzenduta daude, %19 ingeniaritzako prestakuntza dutenei, %10 administrazioarekin lotutakoei, %8 informatikakoei, %5 osasungintzakoei, %6 beste ezagutza arlo batzuetakoei eta %7 ezagutza espezifikorik eskatzen ez duten lanpostuetakoak dira.

Jardunaldia 09:30etik 14:30era egingo da, eta beharrezkoa izango da aurretik izena ematea orientazio tailerretarako eta orientazio arloko profesionalei zuzendutako jardunaldi teknikorako.