Euskal telebista publikoa ezerezetik sortu zen garaiak aztertu eta egungo erronkak bildu ditu Urtzi Urkizuk bere lehen kazetaritza liburuan. 35 eragile, aditu eta kazetariren testigantzak jaso ditu, elkarrizketa horietan eta hemerotekan oinarrituta, iraganari eta etorkizunari begiratzeko. Txoria hodei artean du izenburua liburuak.

‘Behar bezala erantzuten al die euskal komunitatearen egungo beharrei ETBk?’ galderari erantzuteko ahalegina al da liburua?

Bai. Alde batetik, ETBk 40 urte betetzen zituelako, eta, bestetik, momentu hauetan ikus-entzunezkoen kontsumoan eta telebista kontsumi-tzeko ohituretan aldaketa handiak izaten ari direlako. Azken aldian, gauza asko aldatu dira ikus-entzunezkoan, oso bizkor ari dira aldatzen, eta aldatzen segituko dute. Hala, interesgarria iruditzen zitzaidan kazetaritza ariketa bat egitea, eta elkarrizketa batzuen bitartez liburua idaztea.  

Gaur egun ikus-entzunezkoak oso presente daude, eta horien kontsumoari zein horietan euskarak duen presentziari buruzko kezkak nabariak dira. 

ETBk, hasieran, garrantzia handia izan zuen euskararen normalizazioan, oso telebista kate gutxi zeuden eta jendeak euskaraz kontsumi-tzen zuen telebista. Gaur, egoera oso desberdina da, eta datuek diote gazteen ehuneko oso txikiak ikusten dituela edukiak euskaraz. Horrek kezka sortu du herritar taldeetan, beraz, argi dago beste mota bateko politika ausartak beharko direla bai erakundeen aldetik, bai ETBren aldetik, euskarazko edukiak ahalik eta toki gehienetan egon daitezen eta horiek promozionatu daitezen. 

Liburuan sakonduz, dokumentazio lana egin duzu, baina liburuaren oinarria elkarrizketak dira: 35 egin dituzu. 

Liburuak 13 atal ditu, eta ETBren lehen urteak aztertzeko, testigantza baliagarriak izan dira Luis Alberto Aranberri, Iñaki Agirregomezkorta, Elixabete Garmendia eta Maite Iturberenak, besteren artean. Baina adituen eta jende gazteagoaren berbak ere jaso ditut aurrera begiratzeko, tartean, Lander Arretxea, Maialen San Migel, Miren Nogales eta Aitziber Garmendiarenak. Etorkizunari heltzeko, berriz, adituak bilatu ditut: adimen artifizialaz aritzeko, Josu Aztiria, eta, aholkari modura, Garazi Goia -Europako telebista publiko garrantzitsuenetan ari da aholkulari-. 

Beraz, denetariko gaiak landu dituzu. 

Bai, ez da bakarrik atzera begiratzen duen lana; iragan hurbilena jasotzen ere saiatu naiz. 2024an gertatzen ari diren albiste bi ere badaude: Hondar ahoak telesailak sekuela izango duela da bat, eta, bestea, aztertzen ari dira oraindik. 

ETB1en eta ETB2ren arteko alderaketa ere nabarmendu, eta Garazi Goiak egindako aipua azpimarratu duzu. Hala dio: “Hizkuntza gutxitu bat dugun aldetik, ETB1en eta ETB2n indar bera jartzen baldin bada, gizartean duen eragina ez da bera izango. Esfortzu handiagoa eskatzen du euskarak”.

Euskal telebista publikoak berezkoa du ¬-bere jatorrizko legean- euskara eta euskal kultura sustatzeko helburua, eta hori ETBren eskain-tzan islatzen ez bada, hanka motz geldituko da. Hau da, ETB2n kirolariak edo sortzaileak gaztelaniaz hitz egiten agertzen badira beti, gaztetxoek pentsatuko dute pertsona horiek ez dakitela euskaraz eta gaztelaniaz bizi direla. Aldiz, euskal telebista publikoak euskara normalizatzeko ekimena izango balu, euskaraz ari diren horien guztien elkarrizketak euskaraz jarri beharko lituzke kate horretan. Askoz ere ahalegin handiagoa egin beharko luke ETB2ko eskaintzan herritarrak euskaraz agertzeko.

Telebista aztertu duzu, hori delako, agian, jendearengana gehien iristen den komunikabidea? 

Telebista doakoa da, eta etxe guztietan dago, baina eskaintza oso handia da, eta eskaintzaren ehuneko handi bat erdaraz da. Beraz, uste dut erakundeek sekulako ahalegina egin beharko luketela euskarazko edukiak herritarrengana iristarazteko; izan ere, egon badaude, kalitatezkoak, gainera: Mihiluze edo Teknopolis, kasu. 

Erakundeak aipatuta, EiTBren kontrol organoetan politikak duen presentzia ere jorratu duzu. 

Beste herrialde batzuetan, zuzendari nagusia lehiaketa publiko bidez edo profesionalez osatutako organo independenteek erabakitzen dute, eta ez alderdi politikoek. Horri buruzko hausnarketa egin beharko litzateke, eta ez dut uste Legebiltzarrean daudenek ahalegin asko egiten dutenik EiTBren kontrola beste modu batekoa izateko. Eskatuko nieke EiTBren bestelako gobernantza eredu baten alde eztabaidatzea. 

Berria egunkarian ikus-entzunezkoez aritzen zara. Egon al da ezustean harrapatu zaituen zerbait?

Adimen artifizialarekin lanean ari direnek lortu dutela telebista batzuetan euskarazko azpidatziak jartzea, momentuan, eta hori ETBk oraindik ez izateak harritu nau. Ondo legoke ahaleginak biderkatzea, eta ETB2n euskarazko programak gaztelaniazko azpidatziekin ematea. 

Liburuaren amaieran etorkizunari begiratu diozu. Baikorra zara?

Bai, baina baikortasunak mugak ditu. Euskal telebistarentzat egoera ez da erraza. Izan ere, ikus-entzunezkoen eskaintza sekulakoa da, eta zaila da diru askoz gehiago daukatenen artean tokia egitea. Hala ere, uste dut badagoela ahalmena, badaudela profesionalak, badagoela modua gauza interesgarriak egiteko. Adibidez, haurrentzako telesailetan asmatzen ari dira: Go!azen eta Irabazi arte dira adibide. Badaude ondo egin diren gauzak, eta jendeari esan behar zaio EiTB garrantzitsua izan dela, eta izan beharko litzatekela etorkizunean. Horretarako, ahalegina toki guztietatik egin behar da, baina uste dut euskarazko edukiei lehentasun gehiago eman behar zaiela, eta ez horrenbeste El Conquistador promozionatzeari.