bilbo. Euskarazko programazioaren alde duen apustu irmo eta sendoa berretsi du ETB 1 kateak kurtso berrirari begira. Egunean hamabi orduko euskarazko saioak eskainiz, asmo handiko programazio eraberritua emango du telebista kate euskaldunak. Horretarako, batetik, arratsaldeak birmoldatuko dituzte, barne ekoizpeneko programak sortuz, eta, bestetik, hutsuneak bete-tzeko zazpi estreinaldi eskainiko dituzte irailetik aurrera. Aro berri honi hasiera emateko, Maite Iturbek, EITBko zuzendari nagusiak, eta Pello Sarasolak, ETBko zuzendariak, programazio osoa aurkeztu zuten atzo, erakunde publikoak Bilbon duen egoitzan, kateko hainbat aurkezle eta aktoreekin batera.
"ETB 1 gure proiektu naturala da. Proiektu honetan sinesten dugu eta pazientzia izan behar dugu emai-tzak lortzeko, baina ziur gaude lortuko ditugula", adierazi zuen Iturbek. Baikortasunez agertu zen Sarasola ere: "Euskaldunak ondo eran-tzuten du gure programazioari interesgarria izateko balioa erantsia eskaintzen diogunean". Zentzu horretan, genero guztiak jorratuko dituztela azaldu zuten, aktualitatea eta entretenimendua erreferente nagusi izanik. Gainera, astero 55 ordu zuzenean emango dituztela azpimarratu zuten.
"Eskaintza eta edukien diseinua bizi dugun egoera ekonomikora egokitu ditugu", argitu zuen Maite Iturbek. Etapa berri honetan, krisi ekonomikoak duen protagonismoak formatu handiko programak eta eskubide handiko emankizun edo gertaerak ematea ekidingo duenez, barne ekoizpenari bultzada garrantzi-tsua eman nahi zaio. Hori dela eta, enpresa eta ekoiztetxe euskaldunen aldeko apostua izango da denboraldi honetako beste giltzarri nagusia. Barne produkzioaren bidez, bertako izarrak eta aurkezleak, erreferen-tziak eta balioak zaintzeaz gain, informazioa ondo tratatu nahi dute, modu zabalean eta zintzoan, kanpotik datozen edukiei bertako ikuspegia emanez. Halaber, euskal kultura zabaltzea eta hedatzea erakunde publikoaren egitasmo izaten jarrai-tzen du.
Gaurkotasunari dagokionez, Pello Sarasolak gogoratu bezala, Gaur egun albistegia euskarazko katearen "saiorik ikusiena" da eta, beraz, berebiziko garrantzia du katean. Bide horretatik, Ander Arzak aurkezleak informatiboen "21 orduko etengabeko gurpila" nabarmendu zuen. Horrez gain, Egun On Euskadi -Estepan Aldamiz Etxebarriak aurkeztua-, Azpimarra -Maddalen Iriartek zuzendua-, eta Debatea -Kladio Landak gidatua- saioek hartuko diote neurria aktualitateari.
arratsalde biziak Irailaren 23tik aurrera, ETB 1eko arratsaldeek kolore berria izango dute, eguerditik hasita. Albistegiak bukatu bezain laster, Txoriene sukaldaritza saioak bigarren denboraldiari ekingo dio esandako dataz geroztik. Pili Manterola Iribar jatxetxeko sukaldariak aurkeztuta, astero gonbidatu ezberdin bat izango du saioak. Ondoren, Jaime Otamendik Airean gaurkotasuneko magazina zuzenduko du. Sara Gandarak, berriz, Euskal Herria Zuzenean programa aurkeztuko du, euskal lurralde guztietako gaurkotasuna bertatik bertara hurbiltzeko asmoarekin.
Second time izenez ezagutzen den tartea -arrastia-, lehiaketetarako sasoia ere izango da: batetik, Zuhaitz Gurrutxagak hitz eta izkien inguruko Hizkamizka saio berria zuzenduko du, eta, bestetik, Julian Iantzik, duela hilabete batzuk estreinatutako Bost Baietz lehiaketarekin jarraituko du. Gainera, humoreak ere bere tartea izango du. Izan ere, Kontrako eztarria programak Xabier Euzki-tze, Anjel Alkain, Iker Galartza eta Jon Plazaolaren aldarte ona helaraziko dio ikuslegoari.
debuterako gauak Ordutegi nagusia estreinaldiak eskaintzeko beste tarte bat izango da. Julian Iantzik aurkeztutako 101 gaztelu abenturazko reality berria edota Gurrutxagak zuzenduko duen Tumatxak -euskal musikari eta kantarien arrakasta aztertzeko saioa- horren erakusle dira. Gainera, Kike Amonarrizek Tribuaren berbak programa gidatuko du, euskararen ezaugarririk bitxienak aztertzeko.
Klasikoak ere ez dira faltako, Goenkale telesailaren intriga -aurten 20 urte betetzen ditu- edota Irrikitown saioaren umorea bueltan izango baitira. Bestetik, Alex Txikonen Txikon Xtreme saioaren beste 13 atal ikusi ahal izateaz gain, Gure Zineak erakuslehioak Amaren eskuak, Dragoi ehiztaria edota Bypass bezalako filmeak eskainiko ditu.
Kulturaren aldeko apostuak ere bere horretan jarraitzen du erakunde publikoan. Aurten, Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa Nagusiari jarraipena egingo dio ETB 1ek. Era berean, Hitzetik Hortzera, EITB Kultura, Teknopolis eta Sautrela saioei lehenago eskainitako konfiantza berretsi zaie; izan ere, hainbat urte daramate ETB 1eko programazioaren baitan.