Síguenos en redes sociales:

Lau egunetan Granada ezagutu

Granadaren klabeetako bat bere kaleetatik galtzea da. Hala ere, ezinbesteko leku batzuk badaude

Lau egunetan Granada ezagutuAndoni López Virués

Granada bisitatzea beti da ideia ona, lehenagotik ezagutzen baduzu ere. Hala ere, lehen aholkua argia da: saiatu uda sasoian ez bisitatzen.

Euskal Herritik, uda Andaluziarekin lotzen dugu beti, eta hiri bati buruz galdetzen badigute, aho batez esaten dugu “Cadiz”, baina Granadak badu Andaluziako gainerako lekuetatik bereizten duen zerbait, hiri andaluziar hutsa izateari utzi gabe.

Granadari buruz esan dizkizuten gauza on guztiak egia dira: hiri ederra da, historia zoragarria du, beste hiri asko deskubritzeko hiri bat da… Espektatiba handiekin joan zaitezke, ez baitu hutsik egiten. Hala ere, turismoaren alorrean aipamen bat merezi du: nazioarteko turistek hiri hau aukeratzen dute bisitatzeko leku bezala, eta arraroa da Granada masifikaturik ez aurkitzea. Hala azpimarratzen dute bertakoek, urtez urte turismo jasangarriagoa eskatzen baitute, egoera urtez urte tenkatuagoa baita.

Hiriko erakargarririk handiena: Alhambra

Granadako monumenturik ezagunena da, zalantzarik gabe. Baina monumentu bat baino gehiago da, berez historikoa den hiri baten arima historikoa baita. Sabika muinoaren goialdean dago, eta hiriaren ikurra dela esan genezake. Gainera, datuen arabera, Espainiako ondare-bitxi bisitatuenetako bat da. 

Monumento bat baino, jauregi-multzo bat dela esan daiteke. Nazarien sultanek eraiki zuten XIII. eta XV. mendeen artean, eta gotorleku militarra, errege-jauregia eta egoitza aristokratikoa izan da. 

Izena bitxia da, Alhambra “al-Hamrãn” arabieratik baitator, “gorria” esan nahi duena. Zergatik? Izan ere, iluntzean, hormen tonua gorrixka da, dorreetako batena izan ezik (Granadako begiratoki ederretako batetik begiratzen baduzu, zein den ikusi ahalko duzu).

Arkitektura islamiarra da nagusi: bere forma geometrikoak, sartzen den argia eta ura harmonia perfektuan integratzen dira. Ezin dugu ahaztu Alhambrak elementu kristauak ere badituela, hala nola, Carlos V.aren jauregi errenazentista, 1492an Errege Katolikoek hiria konkistatu ondoren eraikia. Zalantzarik gabe, Granadaren kulturen arteko elkargune eta gatazka gune gisa ikusteko aukera ematen duen lekua da hau.

Granada bisitatzen.

Monumentuaren esparrutik oinez joan zaitezke Cerro de Solera, Alhambra dagoen muinoaren luzapen batera. Konplexuaren ingurune historiko eta paisajistikoaren parte da, eta Granada hiriko lekurik altuena ere bada.

Alhambra bisitatzeko aholku batzuk 

Lehenengo, erosi sarrerak aldez aurretik. Espainiako monumentu bisitatuenetako bat da, eta sarrerak erraz agortzen dira. Onena online erreserbatzea da, zenbait aste lehenago. Zatiren bat doakoa da, baina merezi du sarrera ordaintzea.

Gainera, garaiz iristea garrantzitsua da, sarrerak ordua jarrita baitu eta ezin baita ordutegiz kanpo sartu. Bisita planifikatzea komeni da.

Oinetako erosoak eraman, noski. Alhambra oinez bisitatu behar da eta aldapa, eskailerak eta zoru irregularrak daude. Noski, ez geratu bakarrik Alhambran, aprobetxatu bisita eta ikusi inguruak. El Carmen de los Mártires lorategi ikusgarrienetako bat da, eta, gainera, Alhambratik Albaicinera jaisten zaren bitartean, San Nicolas begiratokira joateko aukera izango duzu.

Granadako begiratokiak

Granadak begiratoki ikusgarriak ditu, eta hiriaren ezaugarriak direla eta, bisita asko pilatzen dira leku hauetan, batez ere iluntzean, erdiko ibilbide turistikoa amaitu denean, egunari amaiera emateko aukera paregabea baitira.

Granadako edozein txokotatik hiriaren historia antzematen da, baina begiratokietatik ematen du hiria handitzen dela: Andaluziako kalexka tipikoak, Sierra Nevada atze-oihal gisa, eta aipatutako Alhambra ardatz nagusi gisa.

San Nicolaseko begiratokia idilikoa da, eta oso zaia da lehiakide bat aurkitzea hirian. Hala ere, beste begiratoki batzuk ere badaude. San Crsitobalekoa adibidez. Hortxe ez da hainbeste jende pilatzen eta hiriaren ikuspegi panoramikoagoa eskaintzen du, Ziri harresia baitu lehen planoan.

Beste begiratoki ikusgarri bat Churrako begiratoki bezala ezagutzen dena da. Txikia da, eta esan genezake ezkutatuta dagoela. Aurkitzea erronka handia da, baina lortuz gero, ikuspegi intimoagoak izateko aproposa da.

Carmen de los Mártires lorategiak ez dira begiratoki bat, baina ikuspegi ederrak eskaintzen dituzte. Kasuren batean, begiratoki batek San Nicolasekoari itzala egiten badio, San Miguel Alto begiratokia da, altuena eta aukera gehien eskaintzen dituenetako bat. Bertatik dena ikus daiteke: Alabicín, Alhambra, erdialdea, eta Sierra Nevada. San Miguel Altotik iluntzea sinestezina da, eta iluntze hori iluntasuna egin arte luzatzea magikoa da, hiriko zenbait puntu oso ondo argiztatuta baitaude.

Oinez bisitatzeko hiri bat

Granadan zerbait behar bada, oinetako erosoak dira. Zoladura irregularra du, eta batzuetan deserosoa ere izan daiteke, baina hori hiriaren edertasunak ezkutatzen du. Hiriaren panoramikaz gozatu ondoren, kalez kale ibiltzea tokatzen da. Granada pausoz pauso eta presarik gabe ezagutu behar da. Historia, gastronomia eta eguneroko bizitza nahasten dira bertako kaleetan.

Granada.

Abiapuntu ezin hobea hirigune historikoaren bihotzean dago: San Agustin azoka. Merkatu guztiak bezala, gero eta masifikatuago dagoen arren, generoa saldu nahi duten merkatarienganako errespetuz eta baita erosketak egiterako orduan beraien bizitza aldatuta ikusi nahi ez duten bertakoengatik ere, bisitatzeak merezi du. Merkatutik gertu “Alcaicería” dago, antzinako arabiar zokoaren arima gordetzen duen lekua, artisautza dendekin. Hala ere, sute baten ondorioz, eraikina berreraiki egin behar izan zuten. Hala ere, lekuaren arkitektura bereizgarria mantentzen jarraitzen du. Aipatzekoa da, gainera, aterpe klimatikoa dela Granada bero handiko egun batean bisitatzen badugu, kale estuak freskoagoak baitira.

Alcaiceríatik, Katedrala eta Errege Kaperarantz joan gaitezke. Izkina bat tolestea nahikoa da giroa erabat aldatzeko, ibairantz jaitsita Carrera del Darro baitago, hiriko pasealekurik ederrena. Harrizko zubiak, egun urtetik gorako fatxadak eta uraren soinua izango dira protagonistak. Gainera, oso ohikoa da inguruan kaleko musikariak aurkitzea. Ibilaldi honetan aurrera eginez gero, Paseo de los Tristes zonaldera iritsiko gara, bertakoen eta turista askoren topalekua dena.

Ez ahaztu Albaicín bisitatzea, baina kontuz haren aldapekin. Handik Realejora hel gaitezke, hiriko zonalde modernoenera, taberna ezkutuak, grafitiak eta eguna amaitzea zerbait hartzeko terraza ugari dituena.

Gure pintxoak, haien “tapas”

Granadan kaña bat, ardo bat edo freskagarri bat eskatzeak egarria ez ezik, gosea ere baretzen du. Granadan, “tapa” batekin dator edari bakoitza. Ez gara oliba batzuez edo patata plater batez ari: Granadan, “tapak” arroz-plater bat edo arrain frijitua izan daitezke, besteak beste.

Taberna batzuetan tapa aukeratu dezakezu eta beste batzuetan ezustean ekartzen dizute. Edari gehiago eskatzean “tapa” desberdin bat dakarte, eta lokal askok zerrenda zenbakitua dute, edariz edari deskubritzen joan daitekeena.

Hori bai, garaiz heldu, ordu nagusietan ilarak egoten baitira, Granadan mahai bat edo tabernan edo terrazan leku zehatz bat behar baita kontsumitu ahal izateko.

Sacromonte, flamenkoaren lekua

Granada

Erdiguneko zalapartatik haratago, Sacromonte beste auzo bat bezala zabaltzen da, bere erritmo eta historia propioarekin. Granadarik bohemioena da, non etxeak ez diren altxatzen, induskatzen dira. Hemen, etxebizitzak mendialdea zulatuta daude, Sacromonteko kobazulo ospetsuak osatuz, horietako asko oraindik ere jendea bizi delarik, eta beste batzuk oholtza flamenko edo museo txiki bihurtuta.

Flamenkoaren sorlekua, Sacromonte Granadako ijito herriaren etxea izan da betidanik, bertako kulturan arrasto sakona utzi duena. Buganvillaz (Andaluziako lore tipikoa) eta zeramikaz zipriztindutako bertako kale zurietatik ibiltzea, Granada desberdin bat ezagutzea da, bailararen ikuspegi izugarriekin eta gauarekin batera aldatzen den giroarekin.

Musikak dena blaitzen du. Bertako kobazuloetan, erritmo propiora, ikuskizun flamenkoak egiten dira. Auzoaren goikaldean, Abadía de Sacromonte da nagusi. Kondairaz, historiaz eta erlijioz betetako lekua da, eta Darro haraneko ikuspegi zabalenekin elkartzen da.