vitoria. Abenturazko reality-ek euskal ikuslegoaren artean daukaten arrakasta aprobetxatuz, ETB 1 kateak 101 Gaztelu saioa abiaraziko du gaurtik aurrera, igandero, 21.45etan. Udazken honetako programazioari dagokionez, honakoa da erakunde publikoaren apustu indar-tsuenetako bat. "Euskararen telebistari indar berria emateko garaia heldu dela adostu dugu. Indarberritze horretan abentura lan-talde hau ezin zen falta", adierazi zuen Pello Sarasola ETBko zuzendariak programaren aurkezpenean.
Hostoil ekoiztetxeak gauzatutako lehiaketa hau Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barreiaturik dauden 20 gaztelu eta jauregitan grabatu da. Gorka Garcia programazio zuzendariaren arabera, "nortasun handiko hamabi lehiakide egongo dira", bi taldetan banatuta: Zaldunak, Mikel Goñiren zuzendaritzapean, eta Billauak, Manu Maritxalarren gidaritzapean. Kapitainek bere agintzeko modu pertsonala erakutsiko dute programak aurrera egin ahala. Garciaren esanetan, reality honek baditu arrakastatsua izateko elementuak: "lehia, elkarbizitza, mutur-muturreko erronkak eta paisaia oso ikusgarriak ere bai". Gainera, Goñiren esanetan, "partaideak oso bitxiak dira" eta jolasa emango dute.
Gazteluz gaztelu bidaiatu beharko dute bi taldeek Euskal Herrian barrena, horretarako ehunka kilometro eginez. Saio bakoitzean, lehenik eta behin, taldeak gaztelua aurkitu beharko du, berau izango baita probak gainditu beharko dituzten eszenatokia. Lehiakideen helburua gazteluetan barreiatuta dauden ahalik eta bandera gehien eskuratzea izango da. Horretarako, hainbat proba edo joko burutu beharko dituzte: eskalada, tirolina, raftinga, piraguismoa edota uretako probak. Maritxalarrek argitu zuenez, "frogak oso gogorrak izango dira, Patagoniakoak baino gogorragoak". Zenbaitetan, ohore hori eskuratuz gero, laguntzaile ospetsu baten laguntza jaso dezakete lehiakideek.
Bestetik, saioak euskal historiaz ikasteko aukera emango du, ekin-tzak jazoko diren agertokiak direla bide. "Jauregi eta gazteluak, historian zehar, hainbat guda eta gatazken lekuko izan dira; kasu honetan, borroka hauen erakustoki izatea izango da gure erronka", azaldu zuen programazio zuzendariak.
genero gustukoa Hostoil ekoiztetxeak sortutako euskal abenturazko generoak ETBn duen harrera ona gogoratu nahi izan zuen Sarasolak. Hala ere, ETB 2ko El conquistador del Fin del Mundo hasi baino lehen, ETB 1n emititzen zen Basetxea ekarri zuen gogora. Azken urteetan baliabide gutxiago izan arren, Hostoil ekoiztetxeak berdin jardun duela nabarmendu zuten; izan ere, "baliabide urriak propor-tzionaltasunez" erabili dituzte.
Garciaren esanetan, "euskal ikusleek erakutsi digute urteetan genero gustukoa dutela". Halaber, Euskal Herrian eta euskaldunen artean grabatutako programa izanik, saioak ikuslegoari eskaintzen dion "hurbiltasuna" azpimarratu zuten. Edonola ere, 101 Gaztelu programaren bidez, normalean ETB 1 ikusten ez duen "kanpoko jendea erakartzen" ahaleginduko zirela adierazi zuen Julian Iantzik.